Prezioen igoerak ez du etenik, eta %4,3ra iritsi da inflazioa Hego Euskal Herrian

Sindikatu eta enpresaburuek egoera kontrolatzeko neurriak eskatu dizkiete agintariei

DONOSTIA
2008ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Estitxu Elduaien

Donostia

Herritarrek egunero antzematen dutena berretsi egin dute datu ofizialek: inflazioa %4,3ra igo da otsailean Hego Euskal Herrian. Eta petrolioa ez da igoeraren erantzule bakarra; erregaien eta landu gabeko jakien garestitzea kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioa ere %3tik gora dabilela salatu dute sindikatu eta enpresaburuek, eta hori «bereziki kezkatzekoa» dela ohartarazi dute.

Edari alkoholdunak eta tabakoa garestitu dira gehien otsailean: %1, hain justu. Garraioak, hotelak, kafetegiak, jatetxeak, astialdia eta kultura ere nabarmen garestitu dira, %0,6 inguru. Aste Santuaren atarian sektore horiek garestitzeak herritarren poltsikoan are gehiago eragingo duela salatu dute sindikatuek.

Izan ere, 1995az geroztik inoiz baino garestiago daude kontsumo produktuak. «Bizitzeko behar-beharrezkoak diren gauzak garestitu dira, gainera: energia, etxebizitza, jakiak... Eta horrek berriro ere behar gehien dutenei egiten die kalte, langile eta pentsiodunei», dio Pila Collantesek, EAEko UGTko Ekintza Sindikaleko idazkariak.



LANGILEEN KALTERAKO. Arazoa egiturazkoa dela bat salatu dute sindikatuek. «Petrolioaren aitzakiak ez du balio, azpiko inflazioa ere etengabe ari baita igotzen», dio EAEko CCOOk. Arazoa sakonagoa da, UGTren ustez: «Batere kontrolik ez dago; banatzaileak poltsikoak bete eta bete ari dira, eta, bitartean, soldata eta pentsiodunek ordaintzen dugu kontrol gabezia hori».

Eta prezioek langileen erosahalmenari eragiten dioten «kaltea are handiagoa» izan daitekeela salatu du, gainera, CCOOk. EBZ Europako Batasunak inflazioa %2aren azpian mantentzeko helburua du. Muga horren gainetik dabil, egun, inflazioa, dezente gainetik. «Indizea helburu ofizialetik asko urruntzen bada, gizarte eragileen konfiantza eskastu egingo da, eta horrek zuzenean eragingo dio negoziazio kolektiboari». Horregatik, sindikatuarentzat «orain inoiz baino garrantzitsuagoa da» itun kolektiboen edukia babestea.

Hain justu, atzo bertan berretsi zuen EBZ Europako Banku Zentralak bere lehentasuna inflazioa kontrolatzea dela eta hori egiteko «behar diren neurri guztiak» hartuko dituela. Martxoko txostenean «epe ertain eta luzera» prezioak kontrolatzeko «ahalegin guztiak» egingo dituela dio euroguneko finantza erakundeak. Urtearen amaierarako euroguneko inflazioa %2aren ingurura itzultzea espero du finantza erakundeak, eta bertako estatu kideei hori lortzeko ahalegina eskatu die. Petrolioaren garestitzeak bere horretan jarraitzeaz helburu hori lortzea zaila izango dela onartu zuen, ordea, atzo EspainiakoEkonomia Gaietarako ministroak.

Soldatak babesteko ere eskatu dute sindikatu eta kontsumitzaileek. Izan ere, agintari ugari dira inflazioa kontrolatzeko soldatak kontrolatzea eskatu dutenak, besteak beste EBZko buru Jean-Claude Trichet berak. «Gutxien dutenei kentzea onartezina da, argumentu horiek ez dute zentzurik». Sindikatuek eta kontsumitzaileen elkarteek esan dute.

Baina enpresaburuak ere ez daude gustura inflazioaren bilakaerarekin. Confebasken ustez prezioen garestitzeak «nabarmen» eragiten dio«enpresen lehiakortasunari, ekonomiari, eta baita herritar guztien ongizateari ere».

Horregatik, agintariek neurriak «lehenbailehen» hartu beharko lituzketela uste du. «Dagoen egoera ikusita, politika ekonomikoaren lehentasuna inflazioa kontrolatzea izatea beharrezkoa da». Eta horretarako zein neurri hartu ere proposatu dute enpresaburuek: administrazioak prezioak arautzea, eta nazioarteko lehiak eragiten ez dien sektoreetan arauak kentzea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.