Nafarroako erietxeetako sukaldariek protestara joko dute datorren astetik aurrera, gobernuak zerbitzu hori pribatizatzeko asmoa duela eta. Hiru sindikatuk elkar hartuta egin dute mobilizatzeko deia: ELAk, LABek eta CCOOk. Ez daukate gehiengorik. Hiru egunetan izango dira protestak: hilaren 8an ordubeteko lanuztea egingo dute eguerdian, hilaren 10ean bi ordukoa, eta hilaren 16an egun osokoa. Atzera egiteko eta negoziatzen hasteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Orain bi aste jakinarazi zuen erabakia Nafarroako Osasun kontseilariak, Marta Verak. Enpresa baten esku jarri nahi dute Iruñeko ospitale guneko sukalde zerbitzua; 3,5 milioi aurreztea espero dute. «Ez da pribatizazio bat, antolaketa kontua baizik», adierazi zuen kontseilariak. Langileen ezinegona eragin du iragarpen horrek: 204 ari dira sukaldeetan lanean, eta behin-behineko egoeran daude 78. Verak iragarri du kontratu finkoa dutenak beste lanpostu batean jarriko dituztela; behin-behinekoak, berriz, zerbitzua bere gain hartuko duen enpresan txertatzen saiatuko dira.
Nafarroako Gobernuaren arabera, iaz 9,8 milioiko gastua izan zuen iaz erietxeetako sukalde zerbitzuak. Kanpoko enpresa bati emanda herena aurreztea dute helburu. Lan eskaintza publikoan ateratzekoak bazituzten sukaldeetarako hainbat postu, eta bertan behera utzi zituzten horiek ere. «Efizientzia» aipatu du Verak.
Bestela uste dute sindikatuek. Haien esanetan, osasun alorrean murrizketak egin eta egin ari da Iruñeko gobernua, eta zerbitzua kaskartzen ari da etengabe. Jarrera aldatzeko deia egin diote.
Pribatuekiko itunak
Murrizketak egiten ari den aldi berean klinika pribatuekin itun gehiago egin ditu Nafarroako Gobernuak: bikoiztu egin du gastu hori. Kontuen ganberak azaleratu du egoera, eta akordio horiek aztertzea ezinbesteko jo du. Gai horri buruz azalpenak emango dituzte ganberako buruak eta Osasun kontseilariak. Nafarroako Parlamentuko mahaiak baiezkoa eman zien atzo agerraldi horiei.
Pribatizatzearen aurka, lanuztera joko dute hilaren 16an sukaldariek Osasunbidean
ELA, LAB eta CCOOk dei egin dute protestara, Nafarroako Gobernuak enpresa baten esku jarri nahi duelako zerbitzua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu