LAB, ESK, Steilas, EHNE-Bizkaia eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak eta EKA kontsumitzaileen elkarteak osatzen dute herri akusazioa. Uste dute Espainiako Auzitegi Gorenak "bidegabeko jabetza" delitua berretsi izanak erakusten duela "pribatizazio prozesuetan horrelako mesede tratuak beharrezkoak" izaten direla, eta "bultzada politikoak" sustatzen dituela.
Herri akusazioak egindako lanaz ere pozik eta harro daude hura osatzen dutenak: "Gure parte aktiborik gabe, frogak eta lekukoak eskatuz, gaurko epaia ez zatekeen posible izango", esan dute.
"Arduradun politikoei" ere dei egin diete "aurpegia eman dezaten eta euren erantzukizunak har ditzaten". Zehazki, kutxen pribatizazioa bultzatu zuten alderdiez (EAJ, PSE-EE eta PP) ari direla zehaztu dute herri akusazioko kideek.
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Mario Fernandez, Rafael Alkorta eta Mikel Cabieces errudun zirela, Kutxabankentzat inolako lanik egin gabe enpresak Cabiecesi hilean 5.000 euro baino gehiago ordaintzeko modua asmatu zutelakoan. Fernandez eta Alkortari seina hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten, eta Cabiecesi, berriz, urtebetekoa. Orain, Gorenak zigorrak berretsi ditu, eta, gainera, Fernandezi administrazio kontseiluetan aritzeko inhabilitazioa ere ezarri dio. Horren ondorioz, Fernandezek utzi egin behar izan du Repsoleko administrazio kontseiluan zuen ardura.