Proiektu oro garatzeko eskubidea eskatu dute

Iruñerriko hainbat herri kolektibok manifestaziora deitu dute etzirako, azken polizia operazioen aurka

Koldo Aldabe.
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Iruñeko auzoetako eta Antsoaingo eta Burlatako herri kolektiboek manifestaziora deitu dute etzirako, Iruñean, gazte independentisten aurka Euskal Herrian egindako azken polizia operazioetan atxilotutakoak askatzea, inkomunikazioa amaitzea eta erakunde sozial eta politikoak ilegalizatzen dituzten legeak indargabetzea eskatzeko.

Tortura eta ilegalizaziorik ez, proiektu guztiak gauzatzeko eskubideari bai lelopean egingo dute manifestazioa, 18:00 aldera. Aurretik, Iruñeko auzoetatik eta Antsoaindik eta Burlatatik giza kateak abiatuko dira, eta denak Alde Zaharreraino iritsitakoan hasiko da manifestazioa. Iragan urriaren 22ko polizia operazioan atxilotu zituzten hamalau gazteetatik bost Iruñerrikoak dira; Ibon Esteban, Ander Maeztu, Imanol Salinas, Xabier Arina eta Egoi Irisarri.

Kolektibo horietako ordezkariek salatu dutenez, 2007ko azaroaz geroztik, 54 lagun atxilotu dituzte Nafarroan, Segi, Batasuna, Askatasuna, Ekin edo Askapeneko kide izatea egotzita; «hau da, beren militantzia politiko eta publikoagatik», diote. 54 horietatik 35ek torturak jasan dituztela salatu dute. «Informazio politikoa lortzea eta autoinkulpazioak edo beste batzuen inkulpazioak lortzea zen tortura horien helburua».

Salatzen jarraitu

Polizia operazio horietan atxilotutako guztien lan politiko eta publikoa azpimarratzearekin batera, kolektibo horiek uste dute duela bi urte horrelako polizia operazioak salatzeko abiatutako salaketa mobilizazioei eutsi behar zaiela, «orain gehiago, proiektu politiko guztiak baldintza berekin garatu ahal izango diren agertoki politiko berri bati ilusioz begira jarri garen honetan».

Horregatik, polizia operazioen atzean dauden eskubide urraketak salatzeaz gain, «edozein giza, kultur eta proiektu politiko garatzeko eskubidea» eskatu dute, «bakoitzaren gaitasuna izanik mugak ezarriko dituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.