Proiektu politiko guztiak egingarri izateko aukera eman behar du herri galdeketak, Batasunaren ustez

Euskal Herri osoko herritar guztiei eman behar zaiela erabakitzeko aukera nabarmendu du Joseba Permachek. Galdeketaren inguruko eta marko politikoaren aldaketari buruzko jarrera argitzeko eskatu die beste alderdiei.

2007ko abuztuaren 29a
16:27
Entzun
Herri galdeketa hizpide eta eztabaida iturri da egunotan buruzagi politikoen artean, eta gaur Batasunak agertu du gai horren inguruan duen iritzia. Erreferendumak marko politikoaren aldaketa eragin behar duela iritzi dio Joseba Permachek, "galdeketa bidez proiektu politiko guztiak defenditu ahal ilzango diren eszenatoki demokratiko bat zabaldu behar du". Areago, proiektu guztien alde egitea ez ezik, galdeketak asmo horiek egingarri izatea ahalbidetu behar duela nabarmendu du: "independentistok, independentzia defenditu ez ezik, proiektu independentista garatu eta gauzatu ahal izatea".

Galdeketan Euskal Herri osoko herritar guztiek parte hartu beharko luketela erantsi diu Permachek, baina hori aurrera nola eraman "hitzartu" beharko litzatekeela zehaztu du. Halaber, azken hitza euskal herritarrek izatea bermatu behar dela iritzi dio Batasuneko buruzagiak, eta horretarako, alderdien arteko akordio bat behar dela, elkarrekin gatazkaren "oinarrizko korapiloak" askatzeko: "lurralde egituraketa eta erabakitzeko eskubidea".

Permachek adierazi du korapiloa askatzeko ahaleginean ezker abertzaleak proposamen zehatza jarri duela mahai gainean, eta EAJri eta PSOEri "gatazka luzatzeko" psotua egin izana leporatu die, hain justu, ezker abertzalearen proposamen hori atzera bota dutelako. Ildo horretatik, herri galdeketaren, erabakitzeko eskubidearen eta marko politikoaren aldaketaren inguruan duten iritzia argi eta garbi azaltzeko eskatu diebeste alderdiei.

Permachekin batera Joseba Alvarezek parte hartu du agerraldian, eta azken urteetan Europan egin diren herri galdeketak zerrendatu ondoren, Euskal Herrian zergatik ezin den halakorik egin galdetu du. Nazioarteko esperientziak herri galdeketak gatazkak konpontzeko tresna egokia direla erakusten duela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.