politika

Proiektu politiko guztien defentsan jendetza elkartu da Donostian

Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita zortzi urteko espetxe zigorra eskatua du Fiskaltzak hemezortzi gazteren aurka, eta hori salatzera jende asko atera da gaur Donostian. Ekainaren 28an epaituko dituzte.

2010eko ekainaren 19a
18:41
Entzun
"Proiektu politiko guztien defentsan" lelopean manifestazioa egiten ari da jendetza Donostiako kaleetan barna. "Inkomunikaziorik ez, epaiketa politikorik ez" izan dira eskaeretako batzuk, eta salatu dute hemezortzi gaztek ekainaren 28an duten epaiketa. Euskal Herri osoko ehundik gora eragilek -horietatik 50 bat Donostia aldekoak- salatu dute inguru horretako hemezortzi gazteren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den prozesua. Gazte horietako bakoitzarentzat zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak, Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita.

Gazteen auziak izaera "politikoa" duela nabarmendu zuten manifestazioaren berri ematerakoan, eta euskal independentismoaren aurkako "errepresio egoeran" kokatu zuten.

Jasotako babesa azken hilabeteetan abiatutako harreman dinamika baten emaitza da. Alderdi politikoekin, sindikatuekin eta, bereziki, Donostia aldeko eragileekin bildu dira gazteak. Era berean, Iñigo Lamarka EAEko arartekoarekin izan ziren apirilean.

Babesa eman dieten eragileen artean daude Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea, Alternatiba, Plazandreok, LAB, Hiru, ESK, CNT, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Iratzarri, Ikasle Abertzaleak, Lokarri, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Askapena, Komite Internazionalistak, Bilgune Feminista, Eguzki eta Donostiako hainbat auzotako taldeak, jai batzordeak eta bestelakoak.

Eragile horiek guztiek bat egin dute auziperatutako gazteen salaketarekin. Horren emaitza da Eten ditzagun ilegalizazioak eta debekuak. Proiektu politiko guztien alde deituriko agiria. Hiru puntu ditu aipatutako testuak. Lehenik, proiektu politiko guztiak, baita independentziaren aldekoa ere, askatasunez garatzeko eskubidea exijitzen dute gazteek. Haien arabera, gaur egun independentziaren aldeko proiektu eta lan politikoa kriminalizatzen dute Espainiako eta Frantziako estatuek hainbat erakunde legez kanpo utziz.

Bigarrenik, tortura arriskuak saihesteko, atxilotuei ezartzen dizkieten inkomunikazio aldiak bertan behera uzteko exijitzen dute. Independentziaren aldeko lana egiteagatik euskal herritarrak atxilotu eta torturatzen dituztela salatu dute, eta tratu txar horien bitartez poliziek autoinkulpazioak lortzen dituztela.

Azkenik, haien aurkako epaiketa eta epaiketa politiko oro bertan behera uzteko exijitzen dute. Herritarrak auziperatuz lan politikoa zigortu eta, bide batez, independentziaren aldeko proiektu politikoa "urratu" nahi dutela salatu dute.

Donostiako hemezortzi gazteen aurkako auzia ez da kasu isolatu bat. 2006ko urtarrilaren 19an Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi erakundeak "terroristak" zirela ebatzi zuenez geroztik, atxiloketen estatistika areagotu egin da: Amnistiaren Aldeko Mugimenduak emandako datuen arabera, ia astero lan politiko eta sozialean diharduen gazte independentista bat atxilotu dute; gazteren batek hamabost egunetik behin torturak jasan dituela salatu du; eta aste eta erditik behin, gazte bat espetxeratu dute. Sarekada nagusiak Uribe Kostan, Oiartzualdean, Lea-Artibain, Iruñerrian eta Hernanin izan dira.

Donostia aldeko gazteen aurkako polizia operazioa 2007ko urriaren 30ean hasi eta abenduaren 4an amaitu zen. 26 gazte atxilotu zituzten; horietatik 11 inkomunikatu zituzten, eta tratu txarrak salatu zituzten. Hamahiru gazte espetxean egon dira, eta 192.000 euroko bermeei egin behar izan diete aurre. Epaiketak sortutako gastuei aurre egiteko eta informazioa zabaltzeko hainbat ekimen antolatu etawebgune hau sortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.