Proiektuak

2014ko apirilaren 13a
18:29
Entzun

Aurrez egindakoak

Nikaragua: Nazioarteko Bake Brigaden lehen proiektua Nikaraguan egin zen. 1983ko irailean, hamar boluntario Jalapa eskualdean izan ziren epe labur batez, liskarrak saiheste aldera.

El Salvador: 1987an hasi zen PBI han lanean, jasotako eskaerei erantzunez. Batez ere herri mugimenduko elkarteetako kideei babesa ematen eta etxera itzulitako errefuxiatuen herrietara bisitak egiten aritu ziren. 92an, bake akordioak sinatuta, proiektua itxitzat eman zuten.

Sri Lanka: 1989an joan zen PBIko talde bat herrialdera, gobernuaren eta JVP Janata Vimukhti Peramuna erakundearen arteko gatazkaren erdian. 1998ra bitarte izan ziren han boluntarioak, giza eskubideen aldeko ekintzaileen alboan. Ordea, lanean jarraitzeko txosten oro argitaratu aurretik agintariei bidali beharko zizkiola agindu zioten PBIri, zentsura pasatzeko. Agindua beren lanarekin bateraezina zela iritzita, egitasmoa bertan behera utzi zuten brigadek.

Ipar Amerika: Ekintzaileak laguntzeko ez, baizik bakerako lantaldeak sortzeko izan zen PBI Ipar Amerikan, 1992tik 1999ra, Mohawk gerlarien eta Kanadako armadaren arteko borrokaldien ondotik. Elkarrizketa eta adiskidetzea sustatzea, giza eskubideetan begiraleak trebatzea eta arrazakeriaren aurkako hezkuntza lantzea izan ziren zeregin nagusiak.

Haiti: Bi urte lehenagoko estatu kolpearen harira indarkeria asko areagotu zela-eta, Cry for Justice koalizioa sortu zuten dozena bat erakundek 1993an Haitin; tartean zen PBI ere. 75 boluntariok jardun zuten lanean irlan. 1995ean epe luzerako lantalde bat ezarri zen, gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeari begira trebakuntza eskaintzeko. 2001a arte izan zen.

Balkanak: Kroazian, Serbian eta Kosovon bakea sustatzeko talde egonkorrak ezarri zituen nazioarteko hainbat eragilez osatutako koalizio batek 94an, eta bertan parte hartu zuen PBIk ere. Tokian tokiko eragileei giza eskubideen eta indarkeriarik ezaren inguruko trebakuntza eskaintzea, elkarrizketa sustatzea eta elkarteen arteko sareak jostea izan zen zeregin nagusia. 2001era arte izan ziren.

Indonesia: Ekialdeko Timorren ezarri zuen Asiako bere lehen taldea PBIk, 2000n. Giza eskubideen aldeko taldeen alboan izan ziren boluntarioak Jakarta, Aceh, Wamena eta Jayapuran, bake hezkuntzari buruzko trebakuntza eskaintzen, 2011. urtera bitarte.

Gaur egun martxan

Kolonbia: 1994tik dago herrialdean PBI, eta bere proiektu nagusietako bat da. Hainbat erakunderekin batera, giza eskubideak errespetatzearen eta indarkeriarik gabeko konponbideen alde lan egiten du bertan. Berrogei lagunetik gora ari dira egun, hiru taldetan hainbat eskualdetan, giza eskubideen aldeko ekintzaileak laguntzen eta diplomazia lanak egiten.

Guatemala: 1983an bidali zuen bere lehen taldea PBIk, herrialdea estatu errepresio bortitzeko aroan zela. Erakunde zibilak eta biktimak babestea jarri zuen lehentasun. Hamabost urtez ehunka kideri eman zien babesa. Bake akordioak sinatuta eta egoera taldeekin aztertuta, egitasmoa itxitzat jo zuen 1999an. Hiru urtera, giza eskubideen egoera berriro okertu zela ikusita, atzera talde egonkor bat eratu zuen, eta proiektua martxan da egun.

Chiapas: 1995etik dihardute Chiapasen PBIko kideek, zapatisten altxamenduaren ondotik, SIPAZ koalizioaren barruan. Giza eskubideen errespetuaren eta bake justu eta iraunkorraren aldeko elkarteekin lan egiten dute, indarkeriarik gabeko konponbideak sustatzen.
Mexiko: 1998tik ari da lanean PBI Mexikon. Giza eskubideen egoera hobetze aldera, Guerrero estatuan lan egiten dute batez ere, ingurumen eta gizarte gatazka ugari jasaten ari baita.

Nepal: 2003an jaso zituen Nepalen esku hartzeko lehen eskaerak PBIk, maoisten eta monarkiaren arteko gatazka areagotzearen ondotik. Nazioarteko hainbat eragileren babesarekin, 2006. urte hasieran lantaldea ezarri zuen bertan. Bost kide daude egun Katmandun, giza eskubideen aldeko elkarteetako kideak babesten.

Kenia: Iazko urtarriletik, giza eskubideen aldeko herrialdeko ekintzaileak laguntzen dihardu PBIk. Arrisku eta mehatxu ugari jasaten dituzte ekintzaileek, batez ere ustelkeria kasuetan edo lurrari lotutako gatazketan.

Honduras: Beren lanaren ondorioz errepresioa jasaten duten giza eskubideen aldeko ekintzaile, komunitate eta gizarte eragileen alboan dago PBI Hondurasen, iaztik. Boluntarioen presentzia fisikoaz, informazioa bilduz eta aztertuz edo bertako taldeen ahalduntzea sustatuz egiten du hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.