bigarren itzulia

Proiektuarekin bat egiten dutenei bozkatzeko eskatu die EH Baik

Koalizio subiranistak ez du akordiorik eginen bertze alderdiekin bigarren itzulirako. “Alternatiba” EH Bai dela adierazi dute, eta “biziki baikorrak” direla lehen itzulian lorturiko emaitzak.

maddi ane txoperena iribarren
2015eko martxoaren 23a
08:53
Entzun

17.779 boz lortu zituen atzo EH Baik departamenduetako hauteskundeetako lehen itzulian. Lapurdi, Zuberoa eta Baxenabarren bozen %16,09 dituzte, beraz. “Horrek kokatzen gaitu hirugarren indar politiko gisa”, adierazi du Iker Elizalde EH Baiko kideak gaur Baionan eginiko agerraldian: “Esaten ahal dugu mantentzen garela eta baita ere indartu”. Bost kantonamendutan aitzina egitea lortu dute, hain zuzen: Donibane Lohizunen, Errobi-Aturrin, Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazurin, Mendialdean eta Bidaxune aldea-Amikuze-Oztibarren.

Oroitarazi dute kanpainako ardatz nagusia Ipar Euskal Herriarentzako instituzioa izan dutela, eta gaia eztabaidaren erdigunean kokatzea lortu dute, haien iritziz: “Boz horiek erakusten dute proiektu horren aldeko atxikimendua indartu egin dela”. EH Bai “sustraitzen” eta “indartzen” ari den ezkerreko mugimendu abertzale eta ekologista dela azaldu dute, eta jendearengandik hurbil segituko dutela erran dute: “Hauteskundez hauteskunde egonkortzen eta gauzatzen ari den alternatiba da EH Bai”.

Proiektu horrekin bat egiten duen orori heldu den igandean koalizioaren alde bozkatzeko deia egin diete bost kantonamenduetan. Bigarren itzulira pasatu ez direnetan, berriz, ez dute “kontsignarik” emanen: “Utziko diegu hautesleei erabakitzen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.