Gizartea

Prokuradoreak inkesta bat abiatu du Mauleko hiltegian animaliei emandako tratu txarrak ikertzeko

Mauleko kabala hiltegian animaliei egiten dizkieten tratu txarrak agerian gelditu dira L214 elkarteak argitaratu duen bideo batean. Hiltegia behin-behinean ixteko agindu dio prefetari Stephane Le Foll Frantziako Laborantza ministroak.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko martxoaren 29a
13:43
Entzun

Frantziako Le Monde egunkariak eman du eskandaluaren berri. L214 elkarteak grabatu duen bideo batean, Mauleko kabala hiltegian animaliek pairatzen dituzten tratu txarrak erakutsi dituzte: odolusteko zintzilik diren animaliak esnatzen ikusten dira, baita hiltegiko langileak ere, oraindik bizirik diren kabalei hankak eta burua mozten; bortizkeria handiko irudiak dira. L214 elkarteak gaur jartzekoa du hiltegiaren kontrako salaketa. Salaketa jarri ostean, inkesta bat abiatu du prokuradoreak.

Stephane Le Foll Frantziako Laborantza ministroak Mauleko hiltegiko gertakariak kondenatu ditu ohar batean, eta prefetari hiltegia ixteko agindu dio. Halaber, hilabetez hexagonoko hiltegi guzietan animalien babeserako ikuskatze bereziak egiteko agindu du.

33 langile ditu Mauleko kabala hiltegiak, eta urtean 3.000 tona haragi biltzen dituzte; %40 Zuberoan hazitakoak dira. Hiltegiko zuzendariarekin mintzatzen saiatu da Ipar Euskal Herriko Hitza, baina momentuko ez du erantzunik jaso. Le Monde egunkariari eginiko adierazpenetan “etsipenez” hartu du albistea, “errudunak kanporatuak” izanen direla iragarriz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.