Elkarteko kide Antxon Gomezek esan du "zuhur" jokatu nahi dutela eta, hortaz, ez dutela Jaurlaritzaren lan ildoen inguruko baloraziorik egingo ildo horiek patxadaz aztertu arte, baina deitoratu egin du Jaurlaritzak arlo horretan aritzen diren gizarte elkarteak kontuan hartu ez izana. Erabilitako terminologiarekin ere ez daude ados: ez dute begi onez ikusten 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz sortutako gatazka armatua "gerra zibil" izendatzea, frankismoaren indar armatuei "ordena publikoaren indar" deitzea eta frankismoaren kontra armen bidez borrokatu ziren erakundeei "talde terroristatzat" jotzea.
Era berean, Duintasunaren Kolunbarioa kokatzeko Elgoibar (Gipuzkoa) aukeratu izanak ere zalantzak sortzen dizkie. Esan dutenez, Elgoibarrek esangura berezia du EAJrentzat, baina Lau Haizetara Gogoan elkarteak nahiago zukeen frankismoaren kontra borrokatu ziren "familia soziopolitiko guztientzat" esanguratsua den leku bat aukeratu izan balute.
Memoria historikoaren gaian Bilboko Udala jarrera aldatzera behartzen duen epaia ere baloratu du elkarteak. Gomezek esan du ez dutela ulertzen zergatik EAJk zuzendutako udal bat hainbeste tematu den Sanchez Mazas falangistaren omenez izendatutako pasealekuaren gaian. Azkenean, izendapen hori aldatu behar izan du Bilboko Udalak, epaiak behartuta.