Prostituten sindikatuaren estatutuak baliogabetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Ebazpenak dio Espainiako legediak debekatu egiten dituela prostituzioarekin loturiko lan kontratuak

Prostituten protesta bat. ALEJANDRO BOLIVAR (EFE)
2018ko azaroaren 21a
07:15
Entzun

OTRAS sindikatuaren estatutuak baliogabetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Argudiatu du prostituten eta proxeneten arteko lan harremanak ezin direla beste batentzako lan gisa hartu. Hori eginda, proxenetismoari legezko izaera emango litzaiokeela uste du, eta Espainiako legediak eta nazioartekoak hori debekatzen dutela azpimarratu du.

Abuztu hasieran Espainiako Lan Ministerioak ontzat eman zuen talde horren sorrera, sindikatuen erregistroan sartuz. Magdalena Valerio ministroak hilabete geroago izan zuen horren berri, BOE aldizkari ofizialean irakurrita. Erabakiaren aurka azaldu zen, eta Laneko Idazkari Nagusi Concepcion Pascualek dimisioa eman zuen, erregistroa baimendu izana hari leporatu ostean.

Askatasun sexuala

Auzitegi Nazionalera iritsi da gaia, Emakumeen Aurkako Tratu Txarrak Ikertzeko Batzordeak eta beste talde feminista batzuek, eta Espainiako estatuaren abokatuak eta fiskaltzak jarritako salaketen bidez. OTRAS sindikatuaren defentsak argudiatu du sindikatuaren egiteko ez dela soilik prostituten lan baldintzak defendatzea, «lan sexualekin loturiko alor guztietan» edota pornografian dihardutenenak ere defendatu nahi dituela.

Auzitegiaren arabera, baina, auziaren oinarrian dagoena da norbanakoaren askatasun sexuala, eta gisa horretako jardueretan, askatasun hori beste pertsona baten menpe dagoenez, ezin da lan kontratu gisa hartu.

Ebazpen horren aurka helegitea jarriko duela jakinarazi du OTRAS sindikatuko idazkari nagusi Concha Borrellek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.