Emakume nigeriarrak prostituitzera behartzen zituen sare bat da desegin dutena. Zehazki, bost emakume "askatu dituzte sare horretatik", Poliziak jakinarazi duenez; horietako bat, Gasteizen. Horrekin batera, zazpi lagun atxilotu dituzte, tartean sarearen burua. Poliziaren arabera, lurraldez lurralde eramaten zituen emakume horrek bere herrikideak, "eurengandik etekin handiena ateratzeko asmoz". Atxilotuetako bi Gasteizen atxilotu dituzte. Lehenago ere horrelako kasuak izan dira Bilbon. Emakume nigeriarren salerosketan aritzen diren sareentzat "banaketa gune" bilakatu da EAE.
Albiste agentziek jakinarazi dutenez, Turkiatik, Greziatik eta Frantziatik barrena ekartzen zitzuten emakumeak Euskal Herrira, Kataluniara eta Espainaira. Sorterrian erakartzen zituzten emakumeak sarera eta Europara ekarri ostean prostituziora behartzen zituzten egindako zorra kitatzeko. Poliziaren arabera, 55.000 euro ingurukoa zen bidaiaren zorra, eta horri eguneroko gastuena gehitzen zioten. Mehatxuak, jipoiak eta indarkeria ohikoak zituzten emakumeak. Jasotzen zuten diru guztia sareko kideei ematera behartzen zituzten, eta inor ez salatzeko eta ihes ez egiteko zin egitera ere bai.
Ikerketa 2015ean hasi zen, Espainiako Poliziak Arrecifen (Kanariar uharteak) Nigeriako sare bat atzeman zuenean. Hala jakin zuten Nigerian Europara etortzeko agiriak ematen zizkietela eta mugak pasatzeko argibideak ematen zizkietela. Bide bat baino gehiago erabiltzen zituzten. Behin helmugara iritsita, Madrilen, Bartzelonan edo Gasteizen prostituitzera behartzen zituzten, bai kalean baita klubetan ere. Agiriak kentzen zizkieten eta etxetik soilik prostituziorako atera zitezkeen.