Protesta artean hartu dituzte Urkullu eta Murga Gurutzetako ospitalean

Urkullu eta Murga Gurutzetako ospitalean izan dira koronabirusa artatzeko guneak ikusten.  Urkulluk «zorroztasuna» eta «zuhurtzia» eskatu ditu pandemiari aitzin egiteko

Gurutzetako ospitalean izan dira Urkullu eta Murga. IREKIA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 11
14:38
Entzun

Protesta artean hartu dituzte gaur goizean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, Nekane Murga Osasun Sailburua eta Juan Diego Osakidetzako Zuzendari Nagusia Barakaldoko Gurutzetako ospitalean. Koronabirusa duten pazienteak artatzeko birmoldatutako eremuak ikusteko bisita bat egin dute agintariek. Ospitalean barna zebiltzala, langileek protesta egin dute agintarien kontra, baliabide gehiago eta langile gehiago eskatzeko, bertzeak bertze. 

 LAB Sindikatuak ohar bidez adierazi duenez, osasungintzako langileek pairatu behar izan duten arriskua eragotzi zitekeen, eta Jaurlaritzari leporatu dio interes ekonomiko eta elektoralak gizartearen osasunaren gainetik jartzea. Sindikatuak, gainera, Nekane Murgaren dimisioa ere eskatu du. LABek salatu duenez, protesta eragozten saiatu dira, baina nabarmendu dute lortu dutela lehendakariari beren haserrea eta ezinegona adieraztea. 

«Zuhurtzia» eta «zorroztasuna» 

Protestaz gaindi, herritarrei «zuhurtzia» eta «zorroztasuna» eskatu dizkie Urkulluk: «Egindako ahalegina eta egindako bidea ezin dugu bertan behera utzi».Urkulluk nabarmendu du inoiz baino beharrezkoagoa dela prebentzio eta autobabes neurriak hartzea. Azpimarratu du euskal gizarteak heldutasuna, seriotasuna eta erantzukizuna erakutsi dituela, eta eskatu du ez emateko atzerapausorik norbanakoaren eta taldearen «konpromisoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.