Iruñean eta Donostian manifestazioak egin dituzte gaur iluntzean, hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek antolatuta. Iruñean 2.000tik gora lagun elkartu dira, eta beste horrenbeste Donostian. Mezu argia eman dute: murrizketek gizarte eta lan eskubideen aurka egiten dutela. Iruñean, neurri horiek bertan behera uzteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Osasunaren eta hezkuntzaren esparruko murrizketak salatu zituzten manifestariek batik bat. Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeko langileen aldarrikapenak erakutsi dituzte Iruñean, zerbitzu hori pribatizatzeko urratsak egin baititu Nafarroako Gobernuak. Hezkuntzako murrizketen kontrako leloak, berriz, behin eta berriz errepikatu dituzte. Etorkinen eskubideen aldeko leloak ere nabarmenak izan dira.
Nafarroan bi greba egun izanen dira datorren astean, 29an eta 31n. Hezkuntzan izanen da 29an, eta funtzio publiko guztian 31n. Ekainaren 2an, gainera, hezkuntzako murrizketen aurkako bertze manifestazio bat eginen dute. Mobilizazio horietan parte hartzera deitu dute.
Donostiako manifestazioak ere 2.000 lagun inguru elkartu ditu. ELA, LAB, ESK, Hiru, EILAS eta CNT sindikatuek eta dozenaka eragilek antolatu dute, murrizketen aurka egiteko.