Protesta eta mobilizazio eguna dute gaur hezkuntzan. Hezkuntza erreformaren aurka grebara deitu dute ikasle sindikatu batzuek, eta elkarretaratzeak eta manifestazioak egitekoak dira sindikatuak. Itunpeko eskoletan, berriz, lan itunaren negoziazioa berriz abiatzeko eskatuz egingo dute ordubeteko lanuztea.
Ikasleek deitutako grebaren erantzunaren datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak: sare publikoan, %26 inguruk bat egin dute deialdiarekin; sare pribatuan, %29k. Ordu honetan oraindik oso zentro gutxitako datuak jaso ditu, dena den.
12:30etik 13:30era elkarretaratzeak egingo dituzte hiriburuetan: Gasteizen, Lakuaren aurrean, eta Bilbon eta Donostian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean. Horrez gain, Jose Ignacio Wert ministroaren egitasmoari buruz bozkatzeko mahaiak ere jarriko ditu CCOOk EAEko hiriburuetan. CCOO, EILAS eta UGT sindikatuek bat egin dute elkarretaratze horietan.
Hala ere, Nafarroan bildu du deialdiak batasun gehien: bertako hezkuntza komunitateak manifestazioak egingo ditu Iruñean eta Tuteran, 18:00etatik aurrera. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak emandako datuen arabera, irakasleen %7,6k babestu dute greba, eta ikasleen %24,6k.
ELAk, berriz, elkartasuna adierazi die hezkuntza erreformaren eta murrizketen aurka egiten ari diren mobilizazioei, baina berretsi egin du Euskal Herrian "hezkuntza eragile gehienekin" abiatutako bidea. Espainiako eragileen irakurketan "funtsezkoak diren hainbat punturen" falta sumatu arren, sindikatuak "txalogarri" jo du erreformaren aurkako ekintza oro.
Protestak itunpeko sarean
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko sareko irakasleek ere protestei ekingo diete gaur: Kristau Eskola eta IZEA patronaletako zentroetako 12.000 langile ordu bateko lanuztea egitera deitu dituzte ELAk, CCOOk, EILASek, LABek eta UGTk.
Lan hitzarmena eskatzen ari dira sindikatuok, irailaren 26ko grebarekin abiatutako mobilizazioen bidez. Murrizketarik gabeko ituna galdegin dute sindikatuek, hau da, sare publikoko langileen soldata jaitsiera haiei ez aplikatzea.