Altsasun eraso egin zieten bi guardia zibilak ustezko erasotzaileak identifikatzeko saioa egin dute Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Naiz.eus atariaren arabera, 15:00 inguruan amaitu dute saioa. Hara eraman dituzte sei espetxeratuak, baldintzapean aske utzitako biak eta beren kabuz deklaratzera joandako beste biak. Haiek guztiak eta beste batzuk aurrean zituztela, beraiek jo zituztenak han zeuden edo ez esan behar zuten guardia zibilek.
Ondoren hartu die deklarazioa Carmen Lamela epaileak beren kabuz deklaratzera joan diren bi gazteei. Aritz Urdangarin izan da aurrenekoa, eta hura aske utzi du. Gero, Adur Ramirezek deklaratu du, eta hura espetxeratzeko agindu du epaileak.
Altsasuko Udalak erakunde adierazpen bat onartu du ezohiko bilkura eginda. Hamahiru zinegotzitik hamabik babestu dute: Geroa Baikoek, EH Bildukoek, PSNkoek euren izenean eta ez alderdiarenean, eta Goazen Altsasuk. Kontra UPNko zinegotziak bozkatu du.
Udalak bere egin du atxilotutako senideen sentipena: "Defentsarik gabe, babesgabe, eta seme-alaben etorkizunagatik oso kezkatuta sentitzen dira, gertakariak gehiegi puztu direlako eta Auzitegi Nazionalak gertakariak terrorismo ekintzatzat jotzean neurri gabeko zigorrak bete ditzaketelako". Hori dela-eta, Nafarroako erakunde guztiei "babesa" eskatu die gertakariak Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegian epaitu daitezen. Hilaren 26rako manifestaziora deitu dute: 12:00etan abiatuko da, Iorti kulturgune pareko plazatik.
Hain justu, Altsasuko auzia salatzeko eta atxilotuei elkartasuna azaltzeko, auzitegiaren atarian izan dira Marian Beitialarrangoia eta Oskar Matute EH Bilduko diputatuak. Guardia Zibilak Euskal Herrian duen egitekoari buruzko eztabaida mahai gainean jarri nahi dutenak kriminalitzatzeko asmoa dago atxiloketen atzean, Beitialarrangoitiaren ustez. Gertatzen ari dena larria dela gaineratu du. Gainera, EHUren Gasteizko campusean manifestazioa egin dute auzia salatzeko.
Jendetza gasteizko kanpusean atxiloketak salatzeko. pic.twitter.com/thzp1f4mFc
— HARA BA! (@hara_ba) 2016(e)ko azaroak 16
Desmilitarizazioaren inguruko eztabaida politikoa kriminalizatzeko nahia dago Altsasuko gertakarien inguruko auzibidean #altsasupic.twitter.com/zweDTyaG5J
— Marian (@marianbeitia) 2016(e)ko azaroak 16