Atzo, isil-isilean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak Arantzadiko Nekazaritza eta Abeltzaintzaren interpretazio zentroa, eta gaur lehen ekitaldia antolatu dute, Gurbindo etxean. Gonbidapenak esku gutxi batzuetara iritsi dira, ordea. Udal taldea gonbidapenik gabe gelditu da. "Ez genuen gure proiektua politikarekin nahasi nahi", adierazi du Felix Bariaina UAGN sindikatuko presidenteak. Udalak UAGN sindikatuaren esku dagoen Fundagro fundazioari eman dio erabilera publikorako den toki horren kudeaketa, 75 urterako.
Arantzadi Bizirik taldeak protesta egin du zentroaren aurrean, eta hainbat lagun elkartu dira. Azken asteetan mobilizazio ugari burutu dituzte herritarrek udalaren proiektuaren aurka, baina UPNk entzungor egin die eskaerei, eta erantzun bakarra baratzea hondatu duten makinen soinua eta hamar lagun baino gehiagoren atxiloketak izan dira.
Protestekin bat egin dute Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak, eta salatu dute lehentasuna betiko baratzeak mantentzea behar lukeela izan. Gainera, Iruñeko Udalak pauso asko "iluntasunean" eta herritarren parte hartzerik gabe eman dituela salatu dute. Ana Barrena Bilduko kideak adierazi du proiektuak bi fase dituela: "bata, lurrak kendu eta xehatzea, eta bestea, egiteko datarik ez dutena". Poliziak identifikazioa eskatu die hainbat zinegotziri museora sartzeko, tartean, Peio Martinez de Eulate eta Eva Aranguren zinegotziei.
Iruñeko Udalak parke bat eta baratzeen interpretaziorako zentro bat egin nahi ditu Arantzadin. Horretarako, lurrak desjabetzen hasi zen orain zenbait urte, eta orain aste gutxi hasi zituen obrak. Agustin Beroiz nekazaria eta Arantzadi Auzolanean taldeko kideak dira, gaur egun, eremu horretan baratzeak dituzten bakarrak. Obra egiteko, Beroizi lur zati bat desegin diote makinek, eta Arantzadi Auzolanean taldeak beretutako lur guztiak hondatu dituzte.
Galtzen ari den hiritarren eta nekazaritza eremuen arteko lotura berreskuratzea omen du helburu proiektuak. Baina Fundagrok Arantzadin egin nahi duena ez da berria. Izan ere, Arantzadin beti izan dira baratzeak eta abereak.