Gobernuak bi astez atzeratu du legegaiaren aurkezpena, sindikatu batzuen babesa lortzeko eta PS barruko matxinada itzaltzeko. Atzo protesta jendetsuak izan ondoren, France Info-n eginiko elkarrizketa batean eman du El Khomrik erreformari aldaketak egiteko asmoaren berri.
Bi neurriren inguruan jarri du azpimarra. Batetik, aldi baterako kontratuak dituztenen kotizazioak handitzea: "Eragile sozialekin eztabaidan, gaia mahai gainean jarri da". Azaldu du kontratu mugagabeak sustatzea eta "prekaritatea murriztea" dela asmoa. Auzitan zegoen kontu hori, aldi baterako kontratua dutenek zailtasunak baitituzte etxebizitza bat alokatu edota mailegu bat eskuratzeko.
Bestetik, ikastunen lanorduek sortu dute eztabaida; gaur egun, 40 ordu egin dezakete lan gehienera, lan ikuskarien oniritziarekin. Ordu kopurua luzatzea aztertzen ari zen gobernua, baina atzera egiteko asmoa agertu du El Khomrik: "Kontu honek zilegi diren zalantzak eragin ditu, eta mahai gainean dago proposamen hori erretiratzeko aukera".
Aldaketa horiek eginda, lan kodearen erreformarekin aurrera egiteko asmoa du gobernuak, nahiz eta sindikatuek erreforma bertan behera uztea galdegin duten.