Sanferminak

Prozesioaren ibilbidea aldatzea baztertu du Iruñeko alkateak

Enrique Mayak onartezintzat jo du Curia kaletik igarotzean bizitakoa, baina orain arteko ibilbideari eutsiko dio.

2014ko uztailaren 8a
15:51
Entzun

Iruñeko alkate Enrique Mayak onartu du prozesioa Curia kaletik igarotzean "oldartu" egiten dela giroa. Atzokoa iazkoaren antzekoa baina "pixka bat gogorragoa" izan zela deritzo. Hala eta guztiz ere, orain arteko ibilbideari eutsiko dio, "herritarren gehiengoak" horrela nahi duelakoan.

Mayaren esanetan, ez da erraza prozesioan aldaketak egitea. Uste du, halaber, ibilbidean moldaketak eginda ere, kexu direnek beste bide batzuk bilatuko lituzketela kontra egiteko. Alkateak onartezintzat jo du bizitakoa, eta kritiko agertu da protestan irteten direnekin: "Batzuk ez dute onartzen herritarrek aukeratutako ordezkariek prozesioaz gozatzea".

Urteroko legez, agintarien aurkako kexua entzunarazteko probesten dute prozesioa hainbat herritarrek. Oso gutxitan elkartzen dira hiriko botere nagusiak une eta toki berean, eta protesta sozialerako parada da askorentzat. Aurtengoa ez da salbuespena izan. Iruñeko Udalbatzako zinegotziek —ez zuten denek parte hartu— txistuak, oihuak eta kexu hotsak entzun zituzten atzo. Kontuz plataformako kideek, gainera, pankarta erraldoi bat eskegi zuten, mezu zuzen batekin: Non daude CANeko diruak?

Balorazioa, "ezin hobea"

Sanferminen lehen hiru egunetako balorazioa "ezin hobea" dela esan du Iruñeko alkateak. Nabarmendu du txupinazioaren unea "aparta" izan zela, eta prozesioa "ederra", Curia karrikako tartean izan ezik. "Herritar ugarik bat egin zuten, eta giro ikaragarria izan genuen. Eta orain prozesioko une horren sentsazio txarrarekin bagaude ere, laster ahantziko dugu".

Nabarreria plazako iturrian gertaturiko ezbeharrari buruz ere mintzatu da; igandean gazte batek lepo hezurra hautsi zuen iturritik salto eginda, eta konortea galdu zuen. Horrelakoak saihesteko neurrien inguruan galdetu diote Mayari, eta adierazi du "oso zaila" dela arazoa konpontzea. "Iturria desmutatu genuen behin, baina jendeak berdin-berdin egiten zuen salto. Balkoietara igotzen ziren. Kontrolaezina da", gogorarazi du. Mayaren arabera, kanpotarrak sanferminetara horretara ez etortzea da "gakoa": "Arrazoi aski daude sanferminetan ondo pasatzeko, urtetik urtera inork nahi ez dituen ezbehar horiek ahotan izateko". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.