"Fronte subiranista eraldatzaile bat sortu behar dugu”. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren hitzak dira. III. konferentzia politikoa egin dute gaur alderdiko 500 militantek, Iruñean, urte politiko berrirako erronka eta ildo nagusiak eztabaidatzeko.
Arriskuz eta aukerez beteriko garaiak direla aipatu du Rodriguezek. “Mundu mailan, neoliberalismoak zibilizazio krisi bat sortu du”, ohartarazi du; “Eta [Espainiako eta Frantziako] estatuetara etorrita, birzentralizaziorako eta inboluziorako joera da nagusi”. Horren aurrean, alternatiba bat eraikitzearen garrantzia azpimarratu du; alternatiba hori da, haren hitzetan, “1978ko erregimenarekin” haustea, autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta euskal errepublika bat eraikitzea.
Horren bidean, burujabetza prozesua azkartzea da Sorturen egungo helburu nagusia, eta, horretarako, lau erronka zehatz jarri ditu ikasturterako: Kataluniarekin aliantza sendotzea, EH Bildu eta EH Bai indartzea, burujabetza prozesua edukiz betetzea eta euskal presoak kalera ateratzea.
Rodriguezen hitzetan, Euskal Herriko eta Kataluniako prozesuak desblokeatzeko “giltzarria” da bien artean “maila guztietako” aliantzak sortzea eta “epe luzeko pultsu demokratiko bat” koordinatzea. Lotura horretan sakontzeko, “abagune” gisa ikusten dituzte azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Horietan, bai eta EAEko legebiltzarrerako zein Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetan ere, EH Bilduk eta EH Baik emaitzarik onenak atera dezaten, Sortuk “bere bitarteko material eta humano guztiak” jarriko dituela gaineratu du: “Horiek dira prozesu subiranistaren motorra”.
Burujabetza prozesuari bultzada soziala emateko, gizarte mugimenduekin elkarlanean arituko direla iragarri du: “Ukondoz ukondo lan egingo dugu mugimendu feministarekin, pentsiodunekin eta gazte mugimenduarekin, fronte subiranista eta eraldatzaile bat sortzeko”.
Presoen auzian, konponbiderako ematen ari diren urratsak “oso urriak” izaten ari direla salatu du Sortuko idazkari nagusiak: “Nola da posible ETA desegin eta urtebetera oraindik ere 250 preso politiko egotea?”. Alde horretatik, mobilizazioaren garrantzia nabarmendu du: “Ofentsiba politiko, sozial, instituzional eta diplomatiko bat jarri behar da martxan”.
Gaur Sorturen III. Konferentzia Politikoa burutzen ari gara, Euskal Herri osotik etorritako 400 militante baino gehiago ikasturteko plan politikoa eztabaidatzeko bildu gara Iruñean.#HERRItmoaBIZItupic.twitter.com/mdteLMRING
— SORTU #HERRItmoaBIZItu (@sortuEH) September 28, 2019