Konponbide prozesua

Prozesua bultzatzeko ekimenak egingo dituzte Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoko eragileek

Besteak beste, ekainaren 13an eztabaida irekiko dute eta uztailaren 5ean bilkura berezia egingo dute Kursaalen.

2007ko maiatzaren 26a
16:28
Entzun
Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren (OHD) eragileek uste dute "diskurtso politikoetan, prozesuaren amaiera edo prozesuaren aukera bera ukatzen duten mezuak indartzen" ari direla, eta, prozesuari aurrera bultzada eman asmoz, ekimen batzuk antolatu dituzte.

Hala, ekainaren 13an OHD sinatu zuten eragile guztien artean eztabaida irekiko dute. Uztailaren 5ean, Milakabilaka bultzatu zuten 300 lagunek, herrietan lanean ari direnen ordezkariek eta OHDko sinatzaileek bilkura berezia egingo dute Donostian, Kursaalean, "egungo egoerari buruzko azterketa zehaztu eta aurrera begira OHDren egitekoak finkatzeko, Milakabilakaren egokitzapenak barne".

Eztabaida hori udan eta irailean eragileen barnean eta herritarren artean landuko dute. Eta urrian aurkeztuko dituzte ondorioak, Nazio Eztabaidan.

Eztabaidan parte hartzeko "molde irekiak" ere landuko dituzte. Esaterako, Milakabilakaren hasiera babestu zuten 300 lagunei inkesta bat luzatu diete. Inkesta hori Milakabilakaren web orrian ere eskuragarri izango du erantzun nahi duen orok.

OHDko eragileen ustez, "ematen du gizartea prestatu nahi dutela 'konponbiderik ez' deituko litzatekeen aldi berri bati begira, baina aldi hori jadanik ezaguna zaigu eta ez dugu nahi. 'Ez' esaten diogu konfrontazioari. 'Ez' sufrimenduari".

Alderdi politikoek erantzukizunari ezin diotela ihes egin iritzi diote OHDkoek. "Heldu behar diote funtsezko eztabaidari eta landu behar dute ezinbestekoa den akordio politikoa, gatazkaren luzatze edo areagotzea saihesteko ezinbestekoa izango den akordio politikoa. Jendeak jakin behar du zein den alderdi bakoitzak egiten duen proposamena gatazka gainditzeko. Hori ezagutzeko eskubidea dugu".

Haien ustez, "prozesuaren mamiaren gutxienekoa Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetzea da, eragileek adostutako moduan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.