Iaz bezala, PSE-EErekin eta Aralarrekin akordioak lortu ditu Eusko Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA eta EB-Berdeak), datorren urterako proposatutako aurrekontuen inguruan. Osoko zuzenketa baztertu du PSE-EEk eta PPk eta EABk (Ezer Abertzalea) aurkeztutako zuzenketak ez babesteko hitza eman du Aralarrek. Akordioak lortutako alderdiei eskerrak eman dizkie Zenarrutzabeitiak.
EAEko "arazo errealei" aurre egiteko onartuko ditu PSE-EEk hirukoaren aurrekontuak, Joana Madrigal legebiltzarkideak jakinarazi duenez. "Politikoki eta sozialki aurrera egiteko. Gainera, egoera politiko berrian "sakondu" nahi dutela ere nabarmendu du. "Guztion babesa behar duen prozesua" aurrera eramateko, beharrezkoa ikusten du "egonkortasuna", eta hirukoaren aurrekontuak babestuta horretara gerturatzea espero dute.
Bestalde, Aralarrek jakinarazi du PPren zuzenketaren kontra bozkatzearen truke 30,5 milioi euroko diru partidak adostu dituztela, etxebizitzan, arlo sozialean, hezkuntzan eta kulturan. Nolanahi ere, AHTaren kontra daudenez ez dituztela hirukoaren aurrekontuak babestuko ere azaldu dute. “Hala ere, horrek ez du kentzen hobekuntzak lortzeko aukera izatea”. Jakinarazi dutenez, "16 milioi euro adostu dituzte hezkuntza publikoan hobekuntzak egiteko; 7,5 milioi euro etxebizitza sailean obra berriak egiteko eta etxeen eraberriketarako; 90eko hamarkadatik lehenengoz Ikastolen Federazioarentzako diru partida propioak sortzea; eta kulturan arloan, esaterako, euskarazko hedabideak sustatzeko diru-partida gehitzea, tokiko telebista digitalak sustatzeko partidaren igoera eta euskarazko bikoizketarako diru-partida lehenengoz jasotzea".
Jaurlaritza gustura
Lortutako akordioekin gustura dago Jaurlaritza, izan ere, Zenarrutzabeitiak jakinarazi duenez "aurrekontuak hobetzen dituzte, alde sozio-ekonomikoei dagokionean".
Akordioak lortzeko saioak alderdi guztiekin egin dituztela azaldu du lehendakariordeak, baina EABk eta PPk izan duten jarrera "bestelakoa" izan dela nabarmendu du. PPk negoziatzeari uko egin diola azaldu du, "berriz ere eskapatuz".
EABk, berriz, "beste interes batzuk" eta beste "kalkulu batzuk" dituela nabarmendu du Zenarrutzabeitiak. Horregatik, Jaurlaritzarekin argazkian agertzerik ez duela nahi baieztatu du, eta beraz, ez dutela "gai estrukturaletan" akordioa lortzeko ahaleginik egin kritikatu du. "Horrela, eskuak libre edukiko baitituzte harrizko ezker abertzalearen papera mantentzeko".
Berri agentziek atzo gauean jakitera eman zutenez, gizarte eta hezkuntza gaietan PSE-EEk egindako hainbat eskaera aintzat hartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Baita udal finantziazioan egiten zituen eskaerak ere. Izan ere, PSE-EEk diru partida handiagoa eskatzen zuen udalerrientzat.
Ezker Abertzaleak taldeak, bere aldetik, osoko zuzenketa bere hortan mantenduko dutela jakinarazi zuen atzo, euren iritziz «ez daudelako Euskal Herriaren eraikuntza nazionalera bideratuta». PSE-EEren babesarekin aurrera aterako zirela aurreikusten zuela esan zuen atzo Julian Martinez legebiltzarkideak, eta datorren astean atalkako zuzenketak negoziatzen segituko dutela aurreratu zuen.
EAE-ko 2007rako aurrekontuak
Prozesua laguntzeko babestuko du PSE-EEk Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua
PSE-EEk akordioa lortu du Jaurlaritzako hirukoarekin (EAJ, EA, eta EB-Berdeak), eta Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuen osoko zuzenketa baztertu egin du azkenean. Alderdi horrek azaldu duenez, bake prozesuari aurre egiteko "egoera egonkorra" sortzeko asmotan baztertu dute zuzenketa. Hirukoaren aurrekontuak babestuko ditu PSE-EEk beraz, baina euskal presoen senideei, Udalbideri eta Udalbiltzari zuzenduriko diru laguntzetan kontrako botoa emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu