Ezker abertzaleak erantzun egin dio EAJren azken interpelazioari.Prentsa ohar bat kaleratu zuen atzo Iñigo Urkulluk igandean eginiko adierazpenei erantzuteko. Horietan, Urkulluk legegintzaldi amaiera baliatzeko eskatu zien ETAri eta ezker abertzaleari. ETAri ohartarazi zion «denbora agortzear» dagoela eta behin betiko armak uzten dituela iragartzeko deia egin zion. Hori ez badago, Urkulluren esanetan, «ezker abertzalearen adierazpen bat egon beharko litzateke ETAren amaiera eskatzeko». Adierazpen horien harira, ezker abertzaleak dei egin dio EAJri, etengabe interpelatzen aritu beharrean «gatazka politikoa behin betiko konpontzeko Euskal Herrian irekitako prozesuan behingoz eta era integralean engaia dadin». Hori egin ahal izateko datorren azaroaren 20ko hauteskundeetan «aukera paregabea» duela gogorarazi dio.
«Ezker abertzaleak harturiko konpromisoak eta abian jarritako ekimenak», gehitu du, «giltzarri izan dira agertoki politiko bat irekitzeko». Halaber, ETAk urtarrilean jakinarazitako su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarriak eta zerga iraultzailea desagertzenak eragin handia izan dutela nabarmendu du ezker abertzaleak. «Hala eta guztiz ere, EAJ etengabe aritu da ezker abertzalea interpelatzen, bere ardura politiko propioa alboratuz», gaineratu du.
Urkulluk igandean agertutako ikuspuntua oso bestelakoa zen. Urkulluren ustez, «ETAk baliatu behar du [Zapateroren] agintaldiaren denbora hau». PPk Bildu baztertzeko asmoa agertu duela gogorarazi zuen Urkulluk. «Uste dut, benetan, ezker abertzaleak eta baita erakunde terroristak ere jakitun izan behar dutela denbora agortzear dagoela», gaineratu zuen.
Hauteskundeetako aukera
Pedro Aspiazu diputatu jeltzaleak aurreratu zuen EAJk ez duela aintzat hartuko hauteskunde aliantza berri bat osatzeko EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak egindako proposamena. Atzo berretsi zuen ezezkoa, Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean. Hala ere, ez du baztertu hauteskundeen ondoren Bildurekin edo aliantza berriarekin akordioak izatea, euskal autogobernuaren, erakundeen edo kulturaren alde.
Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abrilek, berriz, proposamena aztertuko dutela azaldu du. «Gu ere indarrak batzearen alde gaude, baina EAEn eta Nafarroan nola garatzen den kontuan izango dugu. Egungo errealitatea kontuan hartzea nahi dugu».
Prozesuan «behingoz» engaia dadin eskatu dio ezker abertzaleak EAJri
Datorren azaroaren 20ko hauteskundeetan horretarako «aukera paregabea» duela gogorarazi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu