politika

Prozesuaren alde pausoak emateko eskatu diote Ibaetako Foroko sindikatuek Espainiako Gobernuari

Aitzakiak utzi eta prozesuaren alde pausoak ematen hasteko eskatu diote Espainiako Gobernuari Ibaetako Foroko sindikatuek, alegia, ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk, ELBk eta HIRUk. Sindikatuek ekitaldia egin dute euskal presoen eskubideen defentsan, eta konponbide demokratikoaren alde, eta manifestazio jendetsua egin dute gero.

2006ko abenduaren 14a
16:52
Entzun
LABeko idazkari nagusi Rafa Diez Usabiagak hartu du hitza, eta esan du ETAk su-etena eman zuenetik Espainiako Gobernuak hartutako neurriak "negargarriak" direla. Su-etenaren aurretik espero ziren presoen gerturatzea eta Batasuna legalizatzea "izoztuta" daudela salatu du.

PSOE eta EAJ kritikatu ditu, "aurrena bakea eta gero normalizazio politikoa" esaten dutelako, "bi gauzak lotuta daudela badakiten arren". Nolanahi ere, esaten duena ere ez duela betetzen leporatu dio Espainiako Gobernuari "bake bidean ere ez du ezer egin".

PSOE eta Espainiako Gobernua euskal herritarren bake nahi eta antsiekin jolasean ari dira Diezen iritzian. Horregatik "bake eta konponbide politikora bidean beren konpromisoa argi zehazteko" exijitu die.

"Utz diezaiotela baloiak kanpora botatzeari, aitzakiak jartzeari, eta beraien indarkeria guztia indarrean duten bitartean besteren indarkeria ezabatzea baldintzatzat jartzeari. Espainiako Gobernuak begietara begiratu behar dio herri honi, eta ez egiten duen bezala erretrobisoretik PPk edo komunikabideek esaten dutenari begira egon".

ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak ere hitz egin du, eta Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok "hitz txar bakar bat" ez duela egiten esan du, baina "ezta bakearen aldeko ekintza on bat bera ere". PSOEk PPrekin "terrorismoaren kontrako ituna" sinatu zuela gogora ekarri du, eta horregatik "bere sinesmen demokratikoekin" duda egiten duela azaldu du.

Bestalde, "indar subiranisten" itun bat egitea proposatu du, berriz ere, bake eta normalizazio prozesuan "behar dituen indarra eta norabidea hartzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.