Emakunde-k antolatuta Sare2006-Emakumeak bakea eraikitzen batzarrean parte hartu duten nazioarteko emakumeek Euskal Herriko konponbide prozesuaren aldeko ebazpena plazaratu dute. Iraganean edo egun gatazka gogorrak bizi izan dituzten zortzi herrialdetatik etorritako emakumeak dira sinatzaile nagusiak. Honakoak: Patricia Buritica eta Olga Lucia Ramirez Kolonbiako bakearen aldeko elkarte banatako ordezkariak; Ann Hope Irlanda iparraldekoa; Etweda A. Cooper Liberiakoa; Amal Khreishe emakume paletinarren PWWSD elkartekoa; Debby Lerman Israelgo Bet Shalomen ordezkaria; Nora Cortiñas Argentinako Maiatzeko Plazako Amen elkartekoa; Luljeta Vuniqi Kosovoko Emakumeen Sarekoa, eta Stasa Zajovic Serbiako Beltzezko Emakumeen ordezkaria.
Hiru puntuko ebazpena plazaratu dute Donostiako Kursaalean egin duten ekitaldian, eta "Euskal Herrian bakearen bila eta euskal gatazka konpontzearen alde zabaldu den elkarrizketa prozesua" pozik hartu dutela azpimarratu dute lehenik eta behin. Bigarren puntuan, nazioarteko gatazka askotan emakumeak elkarrizketaren katalizatzaile izan direla agertu eta nabarmendu dute. Azkenik, euskal gatazka konpontzeko negoziazioetan emakumeek "parte-hartze bizia" izatea eskatu dute.
Prozesuari babesa agertu diote nazioarteko emakumeek
Iraganean zein egun gatazka gogorren gune diren hainbat herrialdetako emakumeak Euskal Herrikoa elkarrizketaren bidez konpontzearen alde agertu dira. Areago, prozesuari babesa adiearaziz agiria plazaratu dute. Ibilbide horretan emakumeek parte-hartze bizia izan behar dutela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu