PSE-EEk alderdi guztien arteko lankidetza nahi du krisia gainditzeko

Gaur aurkeztu du hauteskundeetarako programa alderdi sozialistak. Hartu nahi dituen neurrien artean daude, bertzeak bertze, Osakidetzako langile finkoen kopurua %50 igotzea. 

Idoia Mendia Eusko Legebiltzarretik ateratzen pasa den apirilean. RAUL BOGAJO, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko ekainaren 8a
17:26
Entzun

Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak egiteko 34 egunen faltan, gaur aurkeztu du Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak bere alderdiko programa. Berarekin batera ziren Gloria Sanchez Arabako zerrendaburua, Eneko Andueza Gipuzkoakoa eta Alfredo Retortillo alderdiko programa idazkaria. Programarekin batera aurkeztu dute Berreraikuntzarako Oinarriak  txostena ere. 

Mendiak azaldu duenez, koronabirusaren ondorioz sortutako krisia dela-eta «urgentziazkoa» da berehalako neurriak hartzea. Alta, neurri horiek hartu bitartean luzera begirako neurriak hartzera ere beharrezkoa dela azpimarratu du lehendakarigaiak. «Krisiak modernizatzeko aukera ere badira», nabarmendu du. Lankidetzaren garrantzia azpimarratu du lehendakarigaiak: «Eusko Jaurlaritzak ezin du ahaztu udaletan, aldundietan, Espainiako Gobernuan edo Europako Batasunean egiten ari dena».  

Helburua «krisi honetatik indartsuago eta, batez ere, denok batera ateratzea» dela defendatu du. Horretarako, azpimarratu du sozialistek «erreskate sozial eta ekonomikorako plana» proposatzen dutela . «Eztabaida nazionalistetatik ihes egitearen alde gaude, alderdi guztien arteko lankidetza nahi dugu, mundu guztiari entzutea eta akordioak egitea», azpimarratu du. 

Hauteskundeak gobernu denak batera lan egiteko aukera ona direla erran du Mendiak, eta nabarmendu du sozialistak «Euskadiren berreskuratze justuaren buru izateko», prest daudela. Elkarrekin Podemosek planteatutako ezkerreko hirukoari buruz, aldiz, nabarmendu du herritarrek «ez dutela beste ezkertiar batzuen esperimenturik behar».

Neurri zehatzak

Alderdi sozialistaren programan dauden neurri zehatzen berri ere eman du Mendiak. Hala, garrantzia berezia eman dio alderdiak osasungintza publikoa bermatu eta indartzeari. Horretarako, Osakidetzaren egiturazko lantaldea handitzea proposatu du, eta egiturazko lantaldetik gorako egungo langile egonkorren %50 gutxienez lanpostu egonkor gisa sartzea. Gainera, epidemiologiako eta teknologia berrietako prestakuntza bultzatzeko neurriak ere aurreikusi ditu alderdiak.

Gizarte zerbitzuak kudeatzeko gobernantza modu berri bat beharrezkoa dela nabarmendu du Sanchez Arabako zerrendaburuak. Diru Sarrera Bermatzeko Errenta moldatzeko konpromisoa dutela nabarmendu du, «errenta jaso ezin dutenek eta behar dutenek jasotzeko».

PSEk ekonomia suspertzea eta «familiei diru sarrerak bermatuko dizkien kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egitea» proposatu du. Bertzeak bertze, lana aldi baterako erregulatzeko espedienteak urte bukaerara arte luzatzea  eta zailtasunak dituzten enpresetara zabaltzea proposatzen du. Gainera, kultura bonuak, enplegua mantentzeko planak, Renove planak, Gobernuaren abalarekiko kreditu programak eta itzuli beharrik gabeko laguntzak proposatu ditu PSE-EEk. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.