PSE-EEk ere erretiratu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2013ko aurrekontu egitasmoari buruzko osoko zuzenketa. PPrena izan da, beraz, Batzar Nagusietako gaurko saioan bozkatu den osoko zuzenketa bakarra, eta atzera bota dute, Bildu eta Aralarren ezezkoaren eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Joan den astean, Bildurekin akordio bat egiteko prestasuna agertu zuen PSE-EEk, baina atzo gauerdira arte iraun zuten negoziazioek ez zuten aurrera egin. Datozen egunetan ados jartzeko borondatea agertu dute bi aldeek. Hori dela eta, hasiera batean aurkeztu zuen osoko zuzenketa erretiratzea erabaki du alderdi sozialistak. EAJk ere ez du aurkeztu osoko zuzenketarik. Hori hala, asteazkenean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte oposizioko taldeen zatikako zuzenketak. Horrek asko baldintza dezake Bilduk aurkeztutako aurrekontu egitasmoa.
Hondakin politika tartean
Rafaela Romero PSE-EEko bozeramaileak emandako azalpenen arabera, hondakinen auziak trabatu ditu Bildurekin izandako negoziazioak. Romerok esan du gai horren inguruan EAJk eta PPk aurkeztutako zuzenketa ez babesteko eskatu zuela Bilduk, eta sozialistek ezin zutela eskaera hori onartu. EAJren eta PPren zuzenketak dio diputazioak 17 milioi euro bideratu behar dituela errauste plantarako eta bestelako plantak egiteko. EAJk hasiera batean 17 milioiak errauste plantara soilik bideratu nahi zituen, baina proposamen hori Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planarekin bat ez zetorrenez, beste zuzenketa bat adostu zuen PPrekin. Romerok esan du PSE-EEk ezin duela egin planteamendu horren aurka.
Nolanahi ere, PSE-EEk Bilduri leporatu dio hondakinen auzia "politizatzea". Eneko Andueza sozialistak azaldu du PSE-EEren lehentasuna krisialdi ekonomikoa eta enplegua zirela eta arlo horietan Bilduk aurkeztutako aurrekontuekin bat egiteko aukera ikusten zutela. Bilduk hondakinei buruzko eskaera hori egin izanak akordioa oztopatu duela esan du Anduezak.
Martin Garitano diputatu nagusiak azaldu du “kanpoko faktoreek” pisu handia izan dutela sozialisten erabakian, baina eskua luzatu dio negoziatzen jarraitzeko. EAJri, berriz, leporatu dio Bildu eta PSE-EEren arteko balizko akordioa “oztopatu” nahi izatea.