PSE-EEk orain arteko bidetik jo nahi du datozen lau urteetan, EAEko autogobernua "defenditzen", baina berritasun gisa, Espainiako Estatu Federalaren alde eginez, Rodolfo Ares zuzendaritzako kideak gaur VII. Kongresuari buruzko aurkezpenean adierazi duenez. EAE Espainiako Estatuaren eta Europaren barruan nahi du alderdi sozialistak, "birzentralizazioak" eta "independentziaren haustura bideak" saihestuz. "Orain izan dezakegun eredurik onena sustatuko dugu: Estatu Federala".
PSE-EEren txosten politikoaren bizpahiru zuzenketek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren erabaki eskubidea aintzat hartzeko eskatu dute. Zuzendaritzak ez du halakorik aurreikusten.
"Herritarren kezkez hitz egin nahi dugu kongresuan", esan du Aresek, Bilbon, ondoren "alternatibak" aurkezteko. EAEko aurreko legealdi "historikoa" jarri du eredu gisa —Eusko Jaurlaritzan estreinakoz izan zen lehendakari sozialista bat: Patxi Lopez—. "Jarduera terroristak bukatu ziren, bake eta bizikidetza egonkortzeko oinarriak jarri ziren, zerbitzu publikoak defenditu genituen, eta hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuetan ez genuen murrizketarik egin".
Aurrerarantzean ildo beretik aritu behar dela uste du PSE-EEren egungo zuzendaritzak. Horrez gain, zerga erreforma aldarrikatu du, "justuagoa eta eraginkorragoa" izateko. Ustelkeriaren aurkako borroka ere iragarri du Aresek; "ustelkeria da gure demokraziarentzat arriskurik handiena".
Ondorioz, PSE-EEk "segurtasuna, konfiantza, egonkortasuna, gardentasuna eta aurrerapen soziala" bermatu nahi ditu.
Jakingarri batzuk
- Larunbatean hasiko da PSE-EEren VII. Kongresua, goizeko hamarretan, Bilboko Euskalduna jauregian. Domeka eguerdian amaituko da.
- 393 ordezkari bilduko dira.
- PSE-EEko zuzendaritzak proposatutako txosten politikoak 754 zuzenketa jaso ditu, eta antolakuntzakoak, 535. Igande goizean bozkatuko dituzte. (bi txostenak)
- Idazkari nagusia zapatuan hautatuko dute. 17:00ak aldera jakingo da zein den.
- Zuzendaritza igande goizean aukeratuko dute, baita PSOEko Batzorde Federalean haren sei ordezkariak zein izango diren ere.
- Kongresua Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren eta PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzaldiekin bukatuko dute.