Politika

PSE-EEk ez diola konponbidea akordio bidez lortzeari uko egin esan du Egigurenek

Loiolako prozesuak merezi izan zuela, baina egun ez dagoela halako saio bat errepikatzeko baldintzarik adierazi du PSE-EEko presidenteak. Halaber, "aurreko baldintza beretan" bake prozesu bat gertatzea ezinezkoa ikusten duela agertu du. Ez du baztertu, ordea, akordio bidezko konponbidea lortzeko beste aukera bat sortzea.

2008ko urriaren 4a
17:39
Entzun
"Bakea lortzea beti saiatu beharreko helburua da, eta Euskal Herriko politikan, uste dut ez dagoela ezer bakea lortzea baino garrantzitsuagorik", esan du Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak Radio Euskadin egindako elkarrizketan, hain zuzen ere, Loiolako prozesuak merezi izan zuela azpimarratzeko eta PSE-EEk akordio bidezko konponbiderik ez duela baztertu agertzeko.

Loiolako saioa garrantzitsua izan zela azaldu du Egigurenek, hitzarmena hurbil izan zela, eta etorkizunera begira irakaspenen bat utziko zuela. Nolanahi ere, egun halako ahalegin baterako baldintzarik ez dagoela azpimarratu du, eta, halaber, saio hura baldintza beretan errepikatzea ezinezkoa ikusten duela. "Bi pertsona mahai batean hizketan ari direnean batek ezin du esan 'aizu, itxaroidazu, tiro batzuk botatzera noa eta itzultzen naizenean orain utzitako lekutik hasitako gara'. Bada, ez. Altxatu eta joan bazara, eta egin duzuna egin baduzu, beste aldea ez da itzultzen zarenean leku beretik abiatzeko itxaroten egongo", azpimarratu du.

Elkarrizketa ahalegin hartako ekarpenik handiena mahaian eserrita zeudenak "tarteko akordio" baterako prest egotea izan zela iruditzen zaio PSE-EEko buruzagiari, hots, norberaren nahiak guztiz gogobetetzen zituen hitzarmen bati uko egiteko prest. Konponbidea etortzekotan halako hitzarmen batetik etorriko dela argi du Egigurenek, eta PSE-EEk halako irtenbide bati ez diola uko egin nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.