Eider Goenaga
PSE-EEk irabazi ditu lehen aldiz Gipuzkoan foru hauteskundeak. EAJren aurretik daude sozialistak botoetan, baina bi alderdiak parekatuta gelditu dira batzarkide kopuruan. Hamaseina eserleku eskuratu dituzte EAJk eta PSE-EEk. Zerrenda bozkatuena izateak, ordea, ez dio ahaldun nagusia izateko bidea irekitzen Miguel Buen zerrendaburu sozialistari. Izan ere, EAk eta Ezker Batua-Aralar koalizioak lortutako emaitza txukunek gehiengo osoa ematen diote hirukoari Batzar Nagusietan, eta Markel Olanok lortuko luke ahaldun nagusi kargua.
Boto kopuruan sozialistak ibili dira gertuenik duela lau urteko emaitzetatik. Abstentzioa 2003koa baino bederatzi puntu handiagoa izan dela kontuan hartuta (%40,09), gehiago edo gutxiago alderdi guztiek galdu dituzte botoak, baina PSE-EEk 2.000 baino ez ditu galdu, eta horrek ahalbidetu dio orain dela lau urteko bozetan baino lau batzarkide gehiago eskuratzea.
Foru hauteskundeotako galtzaile handia, baina, EAJ izan da. Jeltzaleen botoak ezin dira 2003koekin alderatu, EArekin koalizioan joan zirelako, baina EAJ-EAk lortutako 27 eserlekuak nahiko urrun gelditu zaizkie orain; biak batuta, 23 eserleku lortu dituzte duela lau urte koalizioan aurkeztutako bi alderdiek. Botoetan are nabarmenagoa da jaitsiera, bi alderdiak batuta 2003an baino 50.000 boto gutxiago lortu baitituzte.
Koalizioa hautsita EAren emaitza posibleek galdera ugari eragin dituzte azken hilabeteotan, baina proba emaitza onekin gainditu dute. Zazpi eserlekurekin, ez dira iritsi bakarka aurkeztu ziren azken foru hauteskundeetan (1995) lorturiko emaitzetara, hamar eserleku lortu baitzituen orduan EAk, baina Gipuzkoan hirugarren indarra izatea lortu du, PPren eta EB-Aralarren aurretik.
Ezker Batua-Berdeak eta Aralar alderdiek osatutako koalizioak ere pozik egoteko arrazoiak ditu, bakarka aurkeztuta baino bi eserleku gehiago eskuratu baititu. Hiru lortu zituen EBk 2003an, eta bat Aralarrek; atzoko emaitzek sei batzarkide ematen dizkiete. PPrekin parekatuta gelditzen da koalizioa, eta Foru Aldundiko gobernua osatzeko giltza izan daiteke. <\d>
PPk, Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietan gertatu zaion bezala, bi batzarkide gutxiago izango ditu Gipuzkoan ere. 15.000 bototik gora galdu ditu, eta hirugarren indarra izateari utzi dio.
BALIOGABEAK BIGARREN. EAE-ANVren zerrendarik ez da sartu Gipuzkoako Batzar Nagusietako eserlekuak eskuratzeko lehian, baina boto baliogabeek indar handia izan dute Gipuzkoan. Boto baliogabeak kontuan hartu eta estrapolazio bat eginez gero, EAE-ANV EAJren aurretik gelditu dela esan daiteke. Boto baliogabeak jeltzaleek lortutako botoak baino 1.200 inguru gehiago izan dira. Boto baliogabe teknikoak ere kontuan hartu beharrekoak diren arren, agerikoa da jeltzaleen eta ezker abertzalearen arteko aldea ez dela oso handia Gipuzkoan.
Batzar Nagusien osaketa ere nabarmen aldatuko litzateke boto baliogabe horiek kontuan hartuko balira, EAE-ANV bigarren indarra izango litzateke-eta. PSE baino bi gutxiagorekin eta EAJ baino bat gehiagorekin, hamabi batzarkide izango lituzke. Estrapolazio horretan, sozialistek hiru eserleku galduko lituzkete, bost jeltzaleek, bi EAk eta bi PPk.
Bestalde, alderdi guztiek botoetan behera egin duten bitartean, esanguratsua da oso gora egin duten boto bakarrak balio gabekoak izatea. 2003an baliorik gabe utzitakoak baino ia 10.000 gehiago izan baitira orain.
M-27. Gipuzkoa
PSE-EEk lortu du garaipena, EAJren eserleku kopuru bera izan arren
Boto baliogabeak izan dira 2003tik gora egin duten bakarrak: orduan baino ia 10.000 gehiago izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu