Hondakinak

PSE-EEk onartu du Zubietako errauste planta ez dela agintaldi honetan egingo

Alabaina, Bilduren foru gobernuari eskatu dio aurreratu ditzala adostasuna dagoen beste proiektu batzuk; besteak beste, biometanizazio planta.

Berria.info
2013ko urtarrilaren 22a
14:46
Entzun

Denis Itxaso PSE-EEko ingurumen gaietako arduradun eta San Marko Mankomunitateko lehendakariak aitortu du PSE-EEk galdutzat jo duela agintaldi hau Zubietako errauste plantarentzat. "Dagoeneko badakigu errauste planta ez dela egingo, baina, gutxienez, aurrera egin dezatela adostasuna dagoen arloetan, asko baitago oraindik egiteko", esan du Itxasok. Izan ere, PSE-EEk uste du alderdi guztiak bat datozela tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) plantak eta biometanizazio plantak egin behar direla, Zubietako eremuan bertan haietako bi. Itxasok salatu du azpiegitura horiek aurreratzeko ere Bilduk ez duela ezer egin.

Edonola ere, PSE-EEk ez du onartuko "hamarkadetako desadostasunen" ondoren hitzartutako proiektuak betiko baztertzea. Alde horretatik, errauste planta behin betiko baztertzen badute PSE-EE aurrean izango dutela ohartarazi dio Bilduri. Hain zuzen ere, negoziatzeko orduan hori izango da sozialisten "marra gorria", Itxasok adierazi duenez. Izan ere, prest agertu da EH Bildurekin batzeko hondakinen gatazkari irtenbide bat ematen saiatzeko. "Sozialistak prest gaude hitz egiteko, baina ez dugu ahaztuko batzar nagusietan, hiru mankomunitatetan eta hiri jendetsuenetan Bilduk ez duela gehiengorik". 

Herrietan atez ateko gaikako bilketa sistema zabaltzeari buruz, PSE-EEk uste du Bildu tematuta dagoela sistema hori "inposatzen". Herritarrekiko "mesfidantza" azaltzen du jarrera horrek, PSE-EEren ustez. "Borondatezko modu batean, bosgarren edukiontziaren bidez, birziklatze tasak handituko diren konfiantzarik ez dute". Itxasorekin batera Lezoko zinegotzi sozialista bat egon da agerraldian, Mikel Arrizabalaga. Lezon apirilean ezarriko dute hondakinen atez ateko gaikako bilketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.