bilboko manifestazioa

PSE-EEk ostiralean egingo den manifestazioa debekatzeko eskatu dio Balzari

Hainbat herritarrek 'Orain herria, orain bakea' lelopean ostiralerako Bilbon deitu duten "manifestazioa galarazteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko" eskatu dio Rodolfo Ares PSE-EEko koordinatzaileak Javier Balza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari. Antonio Basagoiti Bizkaiko PPko presidenteak, berriz, manifestazioa Donostian egin zenaren "fotokopia" bat dela uste du. Ezker Batuaren izenean, Mikel Arana bozeramaileak Bilboko jaiak "ez politizatzeko" eskatu dio Batasunari. Mikel Basabe Aralarko kideak "legezkotzat" jo du manifestazioa, eta Herrizaingo Sailari "distentsio keinurik ez erakustea" leporatu dio.

2005eko abuztuaren 23a
17:09
Entzun
Datorren ostiralerako manisfestaziorako deia egin zuen herritar talde batek Orain herria, orain bakea lelopean. Aurreikuspenen arabera, eguerdiko 12:00etan ekingo zaio ibilbideari. PSE-EEk eta PPk manifestazioaren kontrako jarrera erakutsi dute. Aralarrek manifestaldia "legezkotzat" jo du.

Rodolfo Ares PSE-EEko koordinatzaileak manifestazioa debekatzeko eskatu dio Javier Balza Herrizaingo sailburuari. Aresek adierazi duenez, "Batasunaren saio bat da Donostian debekatu zuten manifestazioa Bilbon egiteko". Horretaz gain, azpimarratu du Batasunak ezin duela manifestaziorik egin, "legez kanpo" dagoen alderdi bat delako.

Antonio Basagoiti Bizkaiko PPko presidentea ere manifestazioaren aurka agertu da: "Herrizaingo Sailak eta EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako manifestazioa egitea galarazi bazuten, ostiral honetan ere gauza bera egin behar dute". Bilboko manifestazioa Donostian egin zenaren "fotokopia" bat dela esan du PPko kideak.

Mikel Arana Ezker Batua Berdeetako bozeramaileak "Bilboko jaiak ez politizatzeko" eskatu dio Batasunari, eta "festak istilurik gabe pasa nahi dituztenen borondatea errespetatzeko" galdegin dio. Aranak gaineratu duenez, "denbora guztian zatiketa eta konfrontazioa bilatzea ez datoz bat Anoetako proposamenarekin, eta EAEko hiritarren arbuiatze kolektiboa dakar". "Erantzukizunarekin jokatzeko eta gatazka politikoa sustatzen duen tentaldian ez erortzeko" eskatudio Batasunari.

Mikel Basabe Aralarreko kideak adierazi duenez, "Batasunak deitu duen manifestazioa legezkoa da, eta zuzena da herri honentzat hitza eta bakea eskatzea, gatazka politikoa gainditzeko era bakarra hori delako". Herrizaingo Sailak "distentsio keinurik ez erakustea" kritikatu du, eta Batasunak "manifestazioa inongo presiorik gabe egiteko aukera" izan beharko lukeela azpimarratu du Basabek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.