Gipuzkoako Foru Aldundiak zergen arloan PSE-EEren eskaera batzuk onartzen baldin baditu, sozietate zergaren erreformari bide emateko prest daudela adierazi du Miguel Buen Gipuzkoako idazkari nagusiak. EAJ eta EAren gobernuak onartu zuen %30eko tasaren alde bozkatuko ez duela argitu du Buenek, baina, PSE-EE abstenitu egin daitekeela aditzera eman du. Nahikoa litzateke hori Aldundiaren proposamena onartua izan dadin. Izan ere, EAJren eta EAren gobernuak 23 batzarkide ditu, PSE-EEk 16,PPk 6, EBk 4 eta Aralarrek 2. Hiru alderdiok botazioan ezezkoa emango dutela iragarri dute.
Sozietate zergaren erreforma ez oztopatzeko hurrengo baldintzak jakinarazi ditu Buenek: Enplegu mugagabea sustatzeko zergen dedukzioak, lana topatzeko zailtasunak dituztenei laguntzak ematea, eta zerga iruzurrari aurre egiteko arauen aplikazioa bultzatzea.
BATASUNIK GABE. EAko ogasun diputatu Pello Gonzalezen hitzetan, «aurkeztutako egitasmoa ahal zen onena da», nahiz eta Bizkaia eta Arabarekin ezberdina izatearen «akatsa» eduki. Nolanahi ere, sozietate zerga ezberdina izanagatik Gipuzkoako enpresak Bizkaiko eta Arabako enpresen baldintza berdinetan lehiatuko direla ziurtatu du.
Halaber, oposizioko alderdiekin «ahalik eta akordio zabalena» lortzeko borondatea agertu du Gipuzkoako Ogasun Sailburuak.
PPko bozeramaile Regina Otaolak salatu du alderdiek testua batzordea bildu baino egun bat lehenago jaso zutela eta aztertzeko denbora nahikorik ez zutela izan. Dena den, zergaren maila %30 ezartzeak «Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna murriztuko du», Otaolaren aburuz.
Aralarreko batzarkide Rebeka Uberaren irudiz, «ez da batere egokia» Gipuzkoan, Araban eta Bizkaianzerga ezberdina izatea. EAJren eta EAren «erantzukizun falta» kritikatu du eta zerga sistemaren bilakaera ez dela «demokratikoa» salatu du. Aralarren ustetan, «Zerga Koordinaziorako Organoan dagoen gehiengoa eta gizartean dagoena ezberdinak dira».
Bestalde, Cebek Bizkaiko patronalaren idazkari nagusi Francisco Javier Aspiazuk esan du hiru lurraldeen arteko zerga ezberdintasunak «kanpora begira ahultasun posizioan» jartzen dituela. Bere hitzetan, «zerga sistema dirua biltzeko erabiltzeaz gain, enpresen jarduera sustatzeko erabili behar da, herrialdeko aberastasunean eta lanpostuen sorreran eragiteko».
Mendebaldeko herrialdeek hori ondorioztatu dute Aspiazuren ustez, eta ekonomia suspertzeko sozietate zergaren tasa jaistea erabaki dutela azaldu du.
PSE-EEk sozietate zergaren erreformari bide eman diezaiokeela adierazi du Miguel Buenek
Aldundiak zergei buruzko eskaerei men egitekotan, botazioan abstenitu egin litezkeela aditzera eman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu