gazte antolakundeak

PSE-EEko gazteria: "ETA amaitzea zen alderdien legearen helburua, ez guztia ETArekin lotzea"

Ernai, Alternatiba eta EGI gazte erakundeetako kideen balorazioa bildu du BERRIAk.

2013ko apirilaren 19a
10:34
Entzun

Alain Coloma (PSE-EEko gazteria): Pentsatzen dugu, justizia errespetatu arren, ezin dela inor espetxeratua izan erakunde politiko batean parte hartzeagatik soilik. Ez kasu honetan bakarrik, oro har pentsatzen dugu hori. Espainiako Estatuari esango genioke alderdien legea ados gauden filosofia batekin egin zela baina hainbat alorretan muga hori pasatu dela. ETA amaitzea zela helburua eta ez guztia ETArekin lotzea".

Gotzon Elizburu (Ernai): "Azkenean gazteak eraman dituzten arren, garaipen bat izan da. Balorazioan bi kontu egongo lirateke. Batetik, Ertzaintzak eta EAJk berak izan duten jarrera. Duela bi egun gonbidapena egin zitzaion EAJri bake prozesuan urratsak eginez herri harresian parte hartzeko, eta horrekin batera Ertzaintza ez bidaltzeko eskatu zitzaion. Azken finean, Auzitegi Nazionaletik zetorren agindu hori. Eta auzitegiaren eta Aske Gunearen artean EAJ bera zegoen. Argi ikusi da zein izan den haren jarrera. Espainiako Estatuari men egitea. Bestetik, ertzainen jarrera nazkagarria izan dela esango nuke. Jendea kolpeka, iletik tiraka atera dute, eta, hainbat neskak salatu dutenez, denetik esan diete; besteak beste, bortxatu egingo zituztela eta denak berdinak direla. Alde horretatik, Ertzaintzaren jarrera erabat salagarria dela esango nuke, eta Urkullu jaunak lotsatuta egon beharko luke gaur Donostian ikusi den irudiarekin. Nabarmentzekoa da Aske Guneak erakutsi duena. Mobilizazio ikaragarria izan da. Aurrera begira desobedientzia zibilaz baliatutako bidea markatu duela esango nuke. Izugarria izan da zortzi gazte hauek defendatzeko hemen bildu den jendetza. Baina kontua da hemen ez dela bukatzen. Auzipetu asko daude oraindik epaiketen eta ebazpenen zain. Herri harresi hau gero eta sendoagoa izan behar da epaiketa politiko horiek guztiak amaitzeko".

Xabier Soto (Alternatiba gazte antolakundea): "Lehenik eta behin, parte hartzaileak zoriondu nahiko nituzke. Baita zigortutako gazteak ere, azken finean haien konpromisorik gabe hau guztia ez litzatekeelako posible izango, nahiz eta egia den erantzuna espero baino hobea izan dela. Ertzainen jarreraren inguruan, badakigu zein izaten den euren jarrera eta gauzak ez dira askorik aldatu. Positiboa iruditzen zaigu atxiloketen inguruan herritarrek izan duten jarrera. Erresistentzia aktibo eta baketsuarekin".

Koldo Bilbao(EGI): "Guk uste dugu erakunde politiko batean parte hartzeagatik inor ezin dela zigortu. Azken finean, uste dugu gertatzen ari den kontu hau beste garai batzuetan ikusi dugunaren berdina dela. Baina, bestetik, ikusten dugu Ertzaintza kontu honen erdian jartzeak ez duela inolako zer ikusirik. Ertzainek azkenean Madrildik datorren auto bat bete besterik ez dutelako egiten. Baina guk argi dugu Segiko kide izateagatik bakarrik epaitzeak ez duela zentzurik, beste gauza batzuk frogatuko balira ulertzekoa izango litzateke, baina ez da frogatu. Beraz, ez du zentzurik. Ertzaintzak bere lana egin du. Guk beti esan izan dugu lan hori ahalik eta lasaien egiten ahalegindu behar dutela, baina, azkenean, nahiz eta erresistentzia baketsu bat egon bertan egon diren gazteen inguruan, lana errazten ez den bitartean horrelako gauzak beti gertatzen dira. Gainera, gogoan dut duela urtebete inguru Segiko beste kide batzuk atxilotu zirenean argi geratu zela gazte hauek uste dutenean inolako prozesu mediatiko bat ez dutela aurrera eraman nahi ez dela ezer gertatzen. Gogoan dut hiru-lau pertsona atxilotu zituztela kanpoan eta ez zela ezer gertatu. Azkenean ezker abertzaleko jendeak ezer gertatzea nahi ez duenean ez dela ezer gertatzen argi dago, eta beste zerbait topatu nahi dutenean azkenean aurkitu egiten dutela. Baina argi utzi behar dut, berriro ere, Segiko kide izateagatik zigortzen denean gu aurka gaudela".

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua-k ohar baten bitartez adierazi du gazte mugimendu batean parte hartzea ez dela "delitua". "Pertsonaren batek delituzko ekintzaren bat burutu izan badu, ekintza hori da epaitu behar dena. Ideiak ezin dira epaitu. Ezinbestekoa ikusten dugu bakearen eta justiziaren aldeko pausoak ematen jarraitzea. Gazte erakunde bateko kide izatea leporatuta zortzi gazte atxilotzeak, kondenan militantzia horretaz haratagoko bestelako delituzko ekintzarik leporatu gabe, gure ustez ez gaitu bakera gerturatzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.