Pastorrek esan duenez, arma lapurretaren "ondorioetako nabarmenena" da atzo gaueko ustezko hiru etakideen atxiloketa. "Espainiako Gobernuak esan zuen lapurretak ondorioak izango zituela, eta hala berretsi zuen Espainiako Barne sailburuak ere. Hau izan daiteke ondorioetako bat". Horrek normalizazio prozesuan eraginik eduki ote dezakeen galdetu diote kazetariek Pastorri, eta hark esan du ez dakiela ze motatako ondorioak izango dituen, baina argi daukala "Zuzenbide Estatuak lanean jarraitu behar duela, eta Poliziaren obligazioa dela bere lana egitea".
Zuzenbide Estatu horrek "funtzionatzen du" Espainiako Defentsa ministro Jose Antonio Alonsok esan duenez, eta hori garbi geratu da atxiloketekin. "Zuzenbide Estatuak funtzionatu egiten du, legea aplikatu egiten da, eta Espainiaren eta Frantziaren arteko lankidetzak funtzionatu egiten du". Espainiako Gobernua "serioa eta arduratsua" dela aldarrikatu du.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Javier Balzaren iritzian, berriz, "Espainiako Gobernuak erakutsi nahi izan du prozesua abiatu zeneko oinarriak aldatuz gero -indarkeriarik eza zen horietako bat- poliziek erantzun egingo dutela, argi eta garbi". Ertzaintzak bere lan eremuan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ez duela ETAren mugimendurik sumatu ziurtatu du segidan Balzak.
EAko komunikazio arduradun Onintza Lasaren ustetan, "ETAk jakin behar du, su-etena emateak ez diola nahi duena egiteko eskubidea ematen, ordainetan". Atxiloketa horiek normalizazio prozesuan eraginik ez izatea espero duela gaineratu du.
Bestalde, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako inkestarekin lotura dute atxiloketak EB-Berdeetako koordinatzaile nagusi Javier Madrazoren iritzian. Arma lapurretarekin ere badute harremana atxiloketek Madrazoren iritzian, baina "batik bat CISeko inkestarekin". Izan ere, inkesta horrek pare-parean jartzen ditu PP eta PSOE. "PSOE oso animatuta abiatu zen [bake prozesuaz ari da] hauteskundeei begira emaitza onak emango zizkiela zirudielako, baina inkesten arabera PP parera iritsi zaienean, moteltzen hasi dira".
Arestian aipatu bezala, Frantziako Poliziak hiru lagun atxilotu zituen atzo Quezac herrian (Lozere, Frantzia), Nimesetik, urri amaieran arma lapurreta gertatu zen herritik, hurbil. ETAko kide izatea egozten die hirurei. Polizia iturriek ziurtatu dutenez, Zigor Garro, Marina Bernardo eta Ekain Mendizabal dira atxilotuak. Garrori ETAren logistika ataleko burua izatea leporatzen diote, eta, zehazki, Nimeseko arma lapurretaren arduradun izatea. Aipatutako iturrien arabera, duela hilabete eta erditik zaintzapean zituzten atxilotuak. Gaur goizean zabaldu denez, berriz, bik atzoko operaziotik alde egitea lortu bide zuten.
Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrak elkarlan estuan aritu direla ziurtatu dute polizia iturriek.
Politika
PSE-EEren arabera, arma lapurretaren ondorio nabarmena dira atxiloketak
PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek esan duenez, ustez ETAk Nimesen egindako arma lapurretaren "ondorio argia" dira Frantziako Poliziak atzo egindako atxiloketak. Zigor Garro, Marina Bernardo eta Ekain Mendizabal ustezko etakideak atzeman zituzten Frantziako eta Espainiako poliziek elkarlanean egindako operazioan. Beste zenbait alderdiren iduriko ere, lotuta daude arma lapurreta eta atxiloketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu