Gaur goizaldean PSE-EEk Lazkaon (Gipuzkoa) duen egoitzaren kontrako bonba atentatua egin dute. Ertzaintza leherketaren nondik norakoak ikertzen hasia da dagoeneko. Haren arabera, lehergailua zortzi kilo lehergaiz egina zegoen.
ETAk lehergailuak eztanda egingo zuela ohartarazteko deia egin dio DYAri. Hasieran 2:00etan egingo zuela eztanda esan dio, baina berehala hori zuzendu eta eztanda 3:00etan izango zela jakinarazi dio. Leherketak kalte material handiak eragin ditu, baita eraikinean eta inguruko etxebizitzen aurrealdean ere.
Egoitza hilaren 2an zabaldu zuten, berrikuntza lanak bukatu zituztenean. PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusi Iñaki Arriolak azaldu du barruan "dena apurtuta" geratu dela eztandaren ondorioz.
PSE-EEk erasoa gaitzetsi du, eta lanean jarraituko duela nabarmendu. Lazkaoko Udalak udaletxeko eledunen batzordea bilerara deitu du bihar eguerdirako, atentatuaz hitz egiteko eta balizko gaitzespen testua adosteko. Gainera, gaitzeste elkarretaratzerako deia egin du, biharko.
EAJk ere gaitzetsi du erasoa, Gipuzkoako Aldundiko buru Markel Olanoren ahotik. "Erasoak eraso, ETAk ez du euskal herritarron bizitza sozial eta politikoa baldintzatuko". Olano Lazkaora gerturatu da, bere elkartasuna adieraztera.
"ETA hauteskunde kanpaina baldintzatzen saiatu da, baina ez du helburu hori lortuko, euskal herritarrok eta hauen ordezkariok egunero lanean segituko dugulako, gizarte honen alde".
=PPren mitina, Lazkaotik Oiartzunera aldatua=b
Bestalde, Lazkaon egitekoa zuen mitina bertan beheiti utzi du PPk, PSE-EErekiko elkartasun keinu gisa. Hala, han parte hartzekoak ziren Antonio Basagoiti hautagai nagusia eta Arantxa Quiroga Gipuzkoako zerrendaburua Oiartzun hautatu dute beren mitina emateko.
Herri horretan nagusi den alderdia, EAE-ANV hango alkatetzatik eta Hego Euskal Herriko gainerakoetatik kentzeko eskatuko du Basagoitik. Segurtasun neurri handien artean da ekitaldia egitekoa.
Erasoa
PSE-EEren Lazkaoko egoitzan bonba bat leherrarazi dute
Ez da biktimarik izan, baina kalte materialak handiak izan dira. ETAk abisua eman dio DYAri, lehergailuak eztanda egingo zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu