PSE-EEren mitin bat boikotatzen saiatu dira Bilbon

'Demokrazia Euskal Herrirako' eta bestelako leloak oihukatzen hasi dira dozena bat lagun, Patxi Lopez hizketan hasi denean. PSE-EEk kanpainako leloetako bat ozen-ozen jarri du: 'Ari, ari, ari, Patxi lehendakari'.

2009ko otsailaren 16a
14:22
Entzun
Dozena bat lagun PSE-EEren mitin bat boikotatzen saiatu dira gaur eguerdian Bilbon. PSE-EEko hautagai Patxi Lopez Errekalde auzoko ekitaldian hitz egiten hasi denean, hamar bat lagun entzuleen aurrealdean kokatu, eta Demokrazia Euskal Herrirako eta bestelako leloak oihukatzen hasi dira. Gainera, D3M plataformaren aldeko kartelak erakutsi dituzte, baita PSE-EEren logoa zuen eta Torturatzen jarraituko dugu zioen beste bat, eta Minbizia duten presoek kartzelan jarraituko dute zioen hirugarren bat.

Haien oihuak isilarazi nahian, mitinaren antolatzaileek bozgorailuetan ozen-ozen jarri dute PSE-EEren kanpainako leloetako bat: Ari, ari, ari, Patxi lehendakari. Gutxira Ertzaintza agertu da, eta boikotatzaileak handik eraman ditu.

Mitinak aurrera jarraitu du

Aurrean zeuden protestagileak eraman dituztenean, Lopezek hitz egiteari ekin dio berriz, eta kexu azaldu da "batzuek ez dituztelako oraindik ulertzen demokraziaren tresnak zeintzuk diren". Orduan, beste gazte batzuk oihuka hasi dira, baina ertzain gehiago iritsi dira eta eraman dituzte.

Lopezek geroago berriz egin dio erreferentzia istiluari: "Batzuek oihu egiten duten bitartean, guk auzoen alde egiten dugu apustu; batzuek askatasuna murrizten saiatzen diren bitartean, guk akordioaren alde egiten dugu apustu".

PSE-EEko buruak "Euskaditik indarkeria behin betiko desagerrarazteko" desioa adierazi du, eta horretarako "baloreak, tolerantzia eta ezberdina denarekiko errespetua izan behar ditu ardatz hezkuntzak".

"Proposamen horren aurrean beste batzuek beren helburu politikoak lortzeko erabiltzen dute indarkeria, eta oihu, irain, mehatxu eta indarkeriaren bidez ezarri nahi dute beren proposamen totalitarioa". Lopezek Askatasuna! oihuarekin bukatu du bere hitzaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.