«PSE-PP binomioa» zabal ez dadin lan egingo du Aralarrek

Gipuzkoako herritarren ekarpenak biltzeko kanpaina hasi du, «ezkerreko alternatiba abertzalea sendotzeko»

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
PSE-EEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean duten akordioa Hego Euskal Herriko gainontzeko erakundeetara zabaltzea. Hori da datorren urteko foru eta udal hauteskundeei begira Aralarrek nola edo hala eragotzi nahi duena. Zein estrategia jarraituko duen zehaztu ez badu ere, «Lopezen asmoei» aurre egiteko «aukerarik eraginkorrena» Aralardela esan du Oxel Erostarbe Aralarreko Gipuzkoako koordinatzaileak.

PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek igandean esandakoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak herenegun aurkeztutako inkesta erabili ditu Aralarreko kideak bere ikuspuntua osatzeko. Batetik, ziurtzat du PSE-EEk eta PPk Gasteizko legebiltzarrean duten akordioa ahalik eta instituzio gehienetara zabalduko dutela, Gipuzkoako Foru Aldundira barne. Bestetik, Foru Aldundiak argitaratutako inkestan oinarrituta, Erostarbek ondorioztatu du Gipuzkoako «gehiengo zabala» abertzalea dela eta «ezkerrekoek eta abertzaleek pisu handia» dutela bertan.

Aliantzak egiterako orduan zein alderdi lehenetsiko lukeen galdetuta, Erostarbek esan du «goizegi» dela horretaz hitz egiteko. «Ezkerreko politika abertzaleak instituzioetan eraginkorrak izan daitezen egingo du lan Aralarrek», erantzun du. Bestalde, ez du azalpenik eman ezker abertzaleak eta EAk Gipuzkoan aldaketa politikoa gauza dadin eginiko proposamenaz. Erostarbek adierazi duenez, hauteskundeetarako programa prestatzen ari dira Aralarreko kideak, eta haien asmoa da Gipuzkoako herri guztietan zerrendak aurkeztea.

Hala, herritarren kezkak eta proposamenak biltzeko helburuarekin, Egin herriz herri ezkerreko alternatiba abertzalea. Entzun nahi zaitugu lelopean, kanpaina bat hasiko du Aralarrek Gipuzkoako herrietan zehar. Herriz herri arituko dira urtarrilaren erdi aldera bitartean. Era berean, hainbat baliabide jarriko ditu Aralarrek herritarren eskura. Hala, alderdiaren webgunearen bidez kanpainaren egunerokoa jarraitu ahal izango da, eta herritarrek proposamenak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Interneteko sare sozialetan ere izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.