Donostian Bilduk eta EAJk bat egin dute Parot doktrina bertan behera gera dadila eskatzeko garaian. Udal gobernuak aurkeztutako erakunde adierazpenaren lehen puntuak PSE-EE udal taldearen babesa jaso du; gainontzeko bi puntuetan, PSE-EEk abstentzioaren alde egin du. PPk, bere aldetik, ezetza eman dio adierazpenari. Hortaz, adierazpenak aurrera egin du. Santurtzin EAJk eta Bilduk aldeko 15 boto batu dituzte guztira; PSE abstenitu egin da (4 boto) eta PP aurka agertu da (2 boto).
Donostian adostutako adierazpenaren lehen puntuan, 2012ko uztailean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak, aho batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina —Parot doktrina gisa ezagutu dena—, ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi ondoren, berau bertan behera uzteko eskatu du Udalbatzak. Ondorioz eta nazioarteko giza eskubideen legeria aplikatuz, 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso guztiak berehalakoan aske uzteko eskatzen du.
Bigarren puntuan, Euskal Herrian bizi duen "itxaropen eta konponbide aukeraren" aurrean, "euskal presoen aurkako salbuespeneko legedia" bertan behera uzteko eskatzen du. Hirugarren puntuan, ebazpenaren berri herritarrei eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako Komisionatua den Nils Muiznieks Jaunari ematea erabaki du.
Bestalde, aldarrikapenerako tartea izan da udalbatzarrean. Izan ere, presoen sakabanaetaren aurkako pegatinak ekarri dituzte Bilduko ordezkariek.