Politika

PSEk Batasunarekin batzartuko dela iragartzea "aurrerapauso handia" dela iritzi dio Otegik

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak atzo egin zuen iragarpena gustura hartu du Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak: PSE-EE prozesuarekin engaiatuta dagoela erakusten dutela iritzi dio, eta "aurerrapauso handitzat" jo du. Izan ere, "ezker abertzalea beharrezko solaskidea" dela esan zuen Lopezek, eta indar politiko horrekin batzartuko direla. Halaber, hurrengo hilabeteetan alde askotako elkarrizketa politikoa abiatzearen alde agertu zen Lopez.

2006ko maiatzaren 31
20:30
Entzun
Arnaldo Otegiren iduriko PSEko idazkari nagusiaren adierazpenek ez dute prozesuak bizi duen une zaila guztiz konpontzen, baina "norabide onean" doaz; "aurrerapauso handia" direla nabarmendu du. "Ezker abertzalea ezinbesteko solaskidea dela onartu du [Lopezek], gurekin batzartuko dela iragarri du, eta hurrengo hilabeteetan alderdien mahaia eratzeko urratsak egin behar direla nabarmendu du", esan du Otegik.

Hori guztia garrantzia handikoa iruditzen zaio Batasuneko buruzagiari, batik bat, prozesua "Gobernuaren eta ETAren arteko bide teknikora" mugatu ordez auzi politikoari heltzen zaiolako. "PSE-EEprozesuarekin elkarrizketa politikoarekin engaiatuta dagoela erakusten du, eta konpromiso hori luze gabe PSNk ere hartzea espero dugu", erantsi du.

Hala ere, arestian aipatu bezala, prozesua ez dagoela bere onenean ohartarazi du Otegik, eta ildo horretatik bera eta Batasuneko beste zazpi mahaikide Auzitegi Nazionalean deklaratzera deituta daudela gogorarazi du: "Paradoxikoa eta kafkianoa da", salatu du. "Alde askotako elkarrizketarekin konpromiso argia eskatu behar zaie alderdiei, eta hori ez da ezinbestekoa den solaskide bati jazarpen juridikoa egitearekin bateragarria".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.