PSE-EE ez dago EAJ estuasunetatik ateratzeko. Are gehiago, "alternatiba" da, eta horregatik, PSEk mahai gainean duen proposamen "osoa" kontuan hartuta eseriko da negoziatzera, EAJk harekin akordiorik lortu nahi badu, Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariaren arabera. Akordio horretan, ordea, ez da "helburu subiranistarik" egongo, argitu duenez.
Lau puntutan oinarritzen dute sozialistek euren plana, hain zuzen, Patxi Lopezek aurkeztu zuena: lana bikoiztea saihesteko instituzioen erreforma, ekonomia eta enplegua suspertzeko plana, zerbitzu publiko handiei eusteko proposamena eta erreforma fiskal "sakona" dira PSEren proposameneko lau ildo nagusiak, eta horiek denak, proposamen "osoa" deitzen diona, batera aztertu eta negoziatuta soilik egingo dute sozialistek Iñigo Urkulluk proposatu dien "herri eta egonkortasun akordioa".
Instituzioak aldatzea eta sozialistek proposatzen duten erreforma fiskala baztertu egin ditu orain arte EAJk. "EAJk badaki norekin eta zeri buruz hitz egin behar duen sozialistekin akordioetara iristeko. Gauza horietaz hitz egiteko prest gaude, desadostasunak egonda ere horiek dira elkarrizketarako oinarriak", Aresek nabarmendu duenez. Edozein ekordiok "koherentea" izan behar du.
Itunak eskaintzea, gainera, ez dator bat "irain eta deskalifikazioekin". Aresek "errespetua" eskatu dio EAJri, eta kritikek amaitu behar dutela akordiorik nahi badute. Urkulluren gobernua kritikatu du, ordea, berak: "Lehendakaria ez da gai izan herrialdea gidatzeko", eta "gobernu txar bat" zuzentzen du.