PSEk dio alderdien mahaia orain osatzea ETAri «ordain politikoa» ematea dela

EAJk su-etenaz ez espekulatzeko eskatu du, eta EAk nazioarteko bitartekaritza babestu du bakea lortzeko

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
PSE-EEk ez du egoki ikusten alderdi politikoen arteko mahai bat eratzea normalizazio politikoa lortzeko. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta Bruselako Adierazpenaren bultzatzaileak herenegun egindako iragarpena ez du begi onez hartu Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak. «Alderdien mahaia eratzeakETAren su-etenaren truke ordain politikoa ematea esan nahiko luke, eta gu ez gaude bide hori egiteko prest». Pastorrek alderdi «legezkoekin eta demokratikoekin» bakarrik ikusten du posible elkarrizketa mahaia martxan jartzea, eta behin ETA desagertzen denean edo Batasunak talde armatuarekin hausten duenean. Ordea, une honetan halakorik eratzea ezinezkoa dela iritzi dio.

Gainera, Espainiako Gobernuak nazioarteko bitartekaritzaz esandakoa berretsi du PSE-EEko buruak: «Gobernuak ez du bitartekaririk behar, eta ez ditu eskatuko, izan ere bitartekarien beharra izateko elkarrizketa prozesu bat egon behar da, eta ez dago halako prozesurik, ez orain ezta etorkizunean ere».

Currinen proposamena hizpide izan du, halaber, Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak. Haren ustez, «ez dagokion eremu batean irrist egiten ari da» abokatu hegoafrikarra. Areago, haren laguntzarik ez dela behar dio: «Ez dio inork deitu, eta euskal alderdiak eta Espainiakoak kapazak gara ETAren amaiera ekarriko duen politika bideratzeko».

Iñaki Oiartzabal EAEko PPko idazkari nagusiak ere nazioarteko bitartekaritzaren beharra alboratu du. Euskal alderdi eta erakundeen lanarekin «nahikoa da» konponbidea lortzeko, eta ez du zertan «kanpoko inork» etorri, Oiartzabalen aburuz. Currin «Batasunak ekarritako bitartekaria» dela eta «ETAren inguruko planteamenduak eta mundu horren ikuspuntu desitxuratuak eta nahasiak» azaltzera etorri dela iritzi dio PPkoak.

«Gutxiago hitz egitea»

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen irudiko, berriz, alderdiek ez ezik, nazioarteko bitartekariek ere ETAren inguruan «gutxiago hitz egin eta espekulatu beharko lukete». Portugaleteko (Bizkaia) Repelegako batzokiaren X. urteurren ekitaldian mintzatu da Urkullu. Haren hitzetan, bake bidea zabaltzeko ezinbestekoa da ETAren aldetik bortxakeriari behin betiko amaiera ematea eta ezker abertzaleak bide politiko hutsen aldeko apustua egitea. «Besteok, borondate eta bokaziorik badugu, laguntzen saiatu behar dugu, baina zuhurtasun osoz, eta ez labirinto honetan dagoen eztabaida publikotik».

Joseba Egibar EAJren GBBko presidentea baikor mintzatu da ETAk su-eten egiaztagarria emateko aukeraz. Egibarrek uste du Currinek herenegun aurkeztutako Harremanetarako Nazioarteko Taldea bitartekari lana egiten baino gehiago, ETAk menia emateko bidea «errazten» ari dela. Hala, EAJko burua ziur da Currinek Gabon aurretik ETAk su-eten egiaztagarria ematea espero duela esaten badu, atzetik «sukaldeko lana» dagoelako dela.

EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek, berriz, Currinen bitartekari lana babestu du, «normalizazio politikora eta bakera hurbiltzen duelako». Harremanetarako Nazioarteko Taldearen lana «oso garrantzitsua» dela uste du Urizarrek, nazioartean bake prozesua babesteko aukerak egon badaudela erakusten duelako. Urrats horiei esker bakea «gero eta gertuago» dagoela uste du EAko buruak; hargatik, ez du ulertzen PSE-EEk, PPk eta EAJk nolatan jartzen duten zalantzan Currinen lana.

Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletaren arabera, bakea lortuko da baldin eta ETAk «aldebakarreko erabakia» hartzen badu eta horren truke inolako «ordain politikorik» ematen ezbada. «ETA arrazoi politikoengatik sortu zen, eta arrazoi politikoengatik amaitu behar du, ordain politikorik gabe». Aralarrek Gasteizen zabaldu duen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldian esan ditu hitzok Zabaletak. Haren iritziz, bakearen inguruan Aralarrek duen mezutik «gero eta gertuago» dago ezker abertzalea.

BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak, bestalde, ETAri behin betiko desagertzeko exijitu dio. ETA desegiten ez bada, «gizartearen aurkako mehatxua» ez dela desagertuko uste du BAKek, eta, hori dela eta, gizartea mehatxu horren inguruan kontzientzia hartzeko kanpaina hasi du. ETA da gure mehatxua. Desegin dadila izeneko kanpaina Bilbon amaituko da, datorren igandean, ETAren amaiera eskatzeko ekitaldi batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.