PSE-EEk ere Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinen kontrako zentsura mozioa babestuko du, EAJrekin eta PPrekin batera. Hala berretsi du gaur goizean Gipuzkoako PSE-EEko batzorde exekutiboak. Herrialdeko alderdiaren idazkari nagusi Iñaki Arriolak Gipuzkoan beste gehiengo batzuk sortu behar direla uste du, eta salatu du Bilduk geratu egin dituela lurraldearentzat "funtsezkoak" diren hainbat proiektu.
Hiruko gobernua baztertu du Arriolak, baina "eseri gaitezen eta hitz egin dezagun Gipuzkoaren etorkizunaz, eta babestu behar ditugun interes orokor horiez". Diputazioaz aparte, udalen eta mankomunitateen geroaz ere hitz egin behar dela uste du.
Arriolak EAJ egin du sortutako egoeraren errudun. Gogorarazi du Bildurekin aurrekontuetarako lortutako akordioaren ondorioz, jeltzaleek onartu egin zutela sei hilabeteko atzeratzea errauste plantarentzat.
PPko Juan Carlos Canok esan du Alduntzinen aurkako zentsura mozioa Gipuzkoan "progresuzko gobernu berri bat" izateko lehen urratsa dela. "Gipuzkoak herritarren arazoei erantzungo dien gobernu bat izan behar du. Bilduk ulertu behar du Gipuzkoako gehiengo sozialari entzun egin behar zaiola".
Hondakinen plana Batzar Nagusietara ez eraman nahi izatea egozten diote Alduntzini, eta Gipuzkoa "zabortegien ereduan betikotzea". Alduntzinek defendatu du, ordea, plana indarrean dagoenaren garapena dela, eta egin duten bakarra errealitate berrira egokitzea dela. Aste honetan bertan Gipuzkoako foru gobernu osoa atera da Alduntzin babestera, gogoratuz gobernu osoaren proposamena dela.