Eusko Jaurlaritzaren 2011ko aurrekontuen tramitazioak lehen urratsa egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. PSE-EEren eta PPren botoei esker, atzera bota zituzten Aralarrek, EAk, EBk eta UPDk aurrekontuaren egitasmoari aurkeztutako osoko zuzenketak. EAJk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztu proiektuari, eta abstenitu egin zen bozketan. Hori horrela, aurrekontuen tramitazioa aurrera doa: datorren astean bozkatuko dituzte taldeek aurkeztutako milatik gora zuzenketa partzialak, eta hilaren 23an onartuko ditu Legebiltzarrak datorren urteko aurrekontuak.
Krisialdi ekonomikotik irten ahal izateko, aurrekontu «zorrotzak» eta «murriztaileak» izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoak 2011n, Carlos Agirre Jaurlaritzako Ogasun sailburuak azaldu duenez. Enplegu politika aktiboen transferentziatik EAEko gobernuak eskuratuko duen dirua aintzat hartu gabe, aurtengo aurrekontua baino %2,3 txikiagoa izango da datorren urtekoa. Guztira, 10.549 milioi euroko aurrekontua du Jaurlaritzak.
Aralarrek, EAk, EBk eta UPDk ez dute ontzat jo gobernuaren aurrekontua, eta euren osoko zuzenketen defentsa egin dute Legebiltzarreko eztabaidan. Aralarrek salatu du proiektu politiko eta ekonomiko propiorik ez duela Jaurlaritzak, eta krisiari «erantzun soziala» emateko ez dutela balio aurrekontuek. Halaber, Aintzane Ezenarrok indarkeriaren deslegitimazioa «bandera eta misio» bilakatzea egotzi dio Lopezen gobernuari, eta «Espainian botoak eskuinera joateko beldurrez» PPri begira ari dela gobernatzen.
EAko Juanjo Agirrezabalak azpimarratu du aurrekontuek, PSE eta PPren arteko itunaren ondorio diren heinean, ez dietela euskal gizartearen beharrei erantzuten. Gastu publikoa eta inbertsioak handitu eta zerga politika «aurrerakoia» martxan jarri beharko luke gobernuak krisitik ateratzeko, EAko legebiltzarkideak azaldu duenez.
Bestalde, EBko Mikel Aranak salatu du aurrekontuek herritarrak, eta bereziki langileak, «zigortzen» dituela. Aranak Jaurlaritzari leporatu dio langabeziaren eraginari muzin egitea, ongizate estatuko eskubide eta prestazioak murriztea, eta gizarte eredurik ez izatea. UPDk, berriz, gobernuak osasun eta hezkuntza sailetako diru sailak gutxitzea eta zerga politika egokirik ez proposatzea kritikatu du.
Jeltzaleek ez dute osoko zuzenketarik aurkeztu, eta, beraz, Legebiltzarreko eztabaidan apenas hartu duten parte. Bozketan, abstenitu egin dira EAJko 29 legebiltzarkideak, eta bilkura amaitu aurretik taldearen jarrera azaldu du Javier Carro jeltzaleak. Haren hitzetan, EAJk «oposizio eraikitzailea» egin nahi duelako erabaki du osoko zuzenketarik ez aurkeztea. Hala ere, aurrekontua hobetze aldera, 180 milioi euroren zuzenketa partzialak aurkeztu dituzte jeltzaleek.
PSEko Joana Madrigalek aurrekontuak babesteko eskatu dio EAJri : «Madrilen egin duzuena Euskadin egiteko eskatzen dizuegu». PPk aurrekontu osoarekin bat ez egin arren, «bide onean» doala esan du Leopoldo Barredak.
Akordioa Gipuzkoan
Bestalde, PSE-EEk jakinarazi duenez, alderdi horrek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordioa egin dute, Batzar Nagusietan Markel Olano buru duen gobernuak aurkeztutako aurrekontuak aurrera atera daitezen. Gaurko bozketan abstenitu egingo dira PSEko batzarkideak, eta ordainetan eskari batzuk onartu dizkie Foru Gobernuak.
PSEk eta PPk atzera bota dituzte EAEko aurrekontuen osoko zuzenketak
PSE-EEk akordioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Olanoren aurrekontuei aurrera ateratzen uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu