Jose Antonio Pastor legebiltzarkideak eta Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak gaur jakinarazi du hurrengo asterako prest izango dutela PPren eta euren arteko akordioa Eusko Jaurlaritzara begira. "Bestela, asko jota, bi aste barru izango dugu". Hitzarmen hori dela-eta, Patxi Lopez sozialista izango da lehendakari berria. Beti EAJko kidea izan da lehendakaria -1999tik, kasu, Juan Jose Ibarretxe-.
Gainera, jardunean den jaurlaritzari hartzen ari den erabakiak gerarazteko exijitu dio Pastorrek, eta iragarri du hurrengo gobernuak Ibarretxeren hiruko gobernuaren azken erabaki horiek "berriz aztertu" egingo dituela. PSE-EEko ordezkariaren iritzian, Ibarretxeren jarduneko kabinetea "praktika demokratiko txarrak" egiten ari da, "berez gobernu berriari dagozkion neurri jakin batzuk jarduneko gobernutik onartzen dituelako". "Autoen erosketak zehaztea, goi karguak lekuz aldatzeko lehiaketak antolatzea, klima aldaketaren gaineko ikerketak agintzea edota Finantzareko Euskal Instituturako langileen hautaketa martxan jartzea ez dira premiazko edo ezinbestekoak diren erabakiak".
Hala, hari jarraiki, ekinbide horri "halako kiratsa" dario, eta pentsarazten dute "alderdiaren irizpidetik asko eta interes publikotik gutxi duten zenbait erabaki sendotu eta lotu nahi" dituztela EAJkoek.
PPrekiko akordioari dagokionez, PSE-EEk ez du nahi Jaurlaritzan hura sartzerik. Hezkuntza, Barne Saila eta EiTB dira PPk jarritako lehentasunak.
Bi alderdiek, emaitza ofizialen arabera, gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean: 38 aulki (PSE-EEk 25, PPk 13). EAJk 30 legebiltzarkide ditu, Aralarrek 4, EAk 1, EBk 1, UPDk 1.
Dagoeneko abian da Eusko Legebiltzarra eratzeko prozesua, jaso duelako akta 25. parlamentariak. Hain zuzen, atzo gauean, Maria del Carmen Lopez de Okariz PPko legebiltzarkideak. Gaur goizean, berriz, Gorka Maneiro UPDkoak hartu du, baita PPko beste hamarrek ere. Atzo PSE-EEko 24 legebiltzarkidek jaso zuten kreditazioa -Jesus Egiguren falta zen haien aldetik-.
75 legebiltzarkidek osatzen dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ganbera eta honen eratze prozesuari hasiera 25. akta jaso ostean ekiten zaio legez.
Lehen bilkura egiteko hamabost eguneko epea dago, eta baliteke apirilaren 3an izatea batzar hori. Legebiltzarreko presidentea, bi presidenteordeak eta bi idazkari nagusiak aukeratuko dituzte. Pastorrek gaur esan du "logikoena" gehiengoa PSEk eta PPk osatzea izango dela, eta ez du zehaztu zein izango den parlamentuko mahaiko burua.
Bilkura horren ondoren, Legebiltzarreko presidenteak erabakiko du noiz egin Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa.
PSE-EE eta PP harremanetan daude, euren arteko akordioa lortu eta Patxi Lopez sozialista izendatzeko lehendakari. Atzo Lopezek zioen gobernu "indartsua, sendoa eta egonkorra" osatuko duela, alderdi "demokratiko" guztiekin hitz egingo duena, baina PPrekin "lehentasunezko" tratua izango duena.
D3M baliogabearen botoak kontuan hartuko balira, 7 aulki lituzke D3Mk, EAJk 28, PSE-EEk 23, PPk 11, D3Mk 7, Aralarrek 4, EAk 1, UPDk 1. EBk batere ez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
PSEk eta PPk hurrengo astean itxi nahi dute akordioa Patxi Lopez bihurtzeko lehendakari
Hala jakinarazi du Jose Antonio Pastor legebiltzarkide sozialistak. PPko ordezkari bat izan da akta jaso duen 25. parlamentaria, eta apirilaren 3an egingo dute Legebiltzarreko presidentea, bi presidenteordeak eta bi idazkari nagusiak aukeratzeko bilkura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu