Politika

PSEk eta PSNk kontzertu ekonomikoaren alde egin dute Navarroren proposamenaren aurrean

Pere Navarro Kataluniako sozialisten idazkari nagusiak EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak kentzea proposatu du, "pribilegioak" direla uste duelako. Valentziako PSOE eskaerari gehitu zaio. Pastorrek eskatu dio ez irekitzeko auzirik ez dagoen lekuan, eta Jimenezek "erabat oker" dagoela erantzun dio.

2013ko ekainaren 13a
17:15
Entzun

"PSE-EEk eta PSOEk ez dute jarri ezta jarriko ere kontzertu ekonomikoa auzitan". Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarreko bozeramaileak horrela erantzun dio PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok esandakoari. PSOEko ordezkariak ere "atsekabetuta" daude Navarroren jarrerarekin, Alfredo Perez Rubalcaba idazkari nagusiak telefonoz esan dionez.

Pastorren ustez, PSCk egun duen larritasunaren ondorio dira adierazpenok, baina arazoak etxean konpondu behar dituztela uste du. "Kataluniako arazoak ez dira euskal kontzertu ekonomikoak sortutakoak". Ez zaio bidezkoa iruditzen Kataluniak dituen "era guztietako arazo larriak" konpondu beharrean ez dauden arazoak sortzen aritzea. "Katalunia gobernatzen duen eskuin nazionalistaren murrizketen ondorio dira Kataluniak pairatzen dituen arazo ekonomiko eta sozialak".

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak ere uste du Navarro "erabat oker" dagoela pribilegio batetaz hitz egiten duenean. Nafarroako sozialistek foru erregimena eta kontzertua defendatuko dutela gaineratu du, Konstituzioan jasota dagoela argudiatuz. "Berak jakingo du zergatik esan duen esan duena. Nik ez dut sutara egur gehiago botako. Baina kontzertua ez da pribilegio bat".

PSOEk uztailaren 6an idazkari nagusi guztiekin egingo duen bileran hori bera defendatuko duela iragarri du.

Autonomien arteko elkartasuna hizpide izan du Navarrok

Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak besterik uste du. "Finantzaketa justua nahi badugu, Konstituzioan dauden pribilegioak kendu behar ditugu erreforman. Hitz egin iezaiozue euskal herritarra edo nafarra ez den edozeini, eta esango dizue hori konpondu beharra dagoela".

"Gaur egungo modeloak ez du uzten Euskadik eta Nafarroak garapen gutxiago duten beste autonomia erkidegoei ematea, nahiz eta bi horien baliabideak batez bestekoaren gainetik egon", esan du Navarrok autonomien elkartasunaren inguruko eztabaida Euskal Herrira ekarriz. 

PSOEko sozialistei eta beste alderdietako kideei luzatu die eztabaida, eta gaineratu du berak ez duela ezer PSE-EEko eta PSNko sozialisten kontra, horiek kontzertu ekonomikoa defendatzen duten arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.