PSEk ez du utziko Eudel «Udalbiltza bihurtzen»

EAJk «estrategia politikoa» praktikatzea egotzi die alkate sozialistei, eta babesa eman dio Bildarratzi

Erredakzioa
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Eudel udalen elkartean dauden PSE-EEko alkateen eta Jokin Bildarratz elkarteko presidentearen artean azken asteotan izandako tirabirak ez dira oraindik baretu.Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzar taldeko eledunak ohartarazi du sozialistek ez dutela inolaz ere onartuko «Eudel jeltzaleen menpeko Udalbiltza bihurtzea».Pastorren iritziz, EAEko udalen ordezkaritza izaten jarraitu behar du Eudelek, eta ez «EAJren esku dagoen boteregunea».Hala ere, PSEko hautetsiek joan den astean elkartea uzteko egindako mehatxuaren osteanEudelen egoera bere onera etorri delako pozik agertu da Pastor.

EAEko Udal Legean du sorburua polemikak. Lege hori onartzeko borondaterik ez izatea leporatu zion Bildarratzek Jaurlaritzari, eta PSE-EEko hautetsiek ez zuten kritika hori begi onez hartu. Horiek horrela, jarrera aldatu ezean Eudel uzteko mehatxua egin zuten hautetsi sozialistek. Legeari buruzko adostasuna lortze aldera, lege horrekin lotutako ekimenak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Eudeleko zuzendaritzak.

Behin «liskarrak gaindituta», Eusko Jaurlaritzak Udal Lege berriaren zirriborroa bidaliko die foru aldundiei eta udalei datorren asteartean, Pastorrek jakinarazi duenez. Haren hitzetan, azkeneko 30 urteetan onartzea ezinezkoa izan den legea «hilabete gutxi batzuen atzerapenarekin» baino ez da iritsiko Eusko Legebiltzarrera. Urte amaierarako hel daiteke Legebiltzarrera Udal Lege berriaren proiektua. Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa «inplikatuta dauden eragile guztiekin» adostu dutela nabarmendu du Pastorrek.

Polemika «artifiziala»

Iñigo Urkullu EAJko EBBren presidenteak, berriz, Jokin Bildarratzen alde egin du. Haren arabera, Patxi Lopez lehendakariak lehentasunen artean jarri zuen Udal Legea, eta udal hauteskundeak gertu egonda, bidezkoa deritzo Eudeleko presidenteak lege hori exijitu izana. Hala, PSEk udal elkartearen eta bere presidentearen aurka gidatu duen polemika «artifiziala» izan dela salatu du. «Estrategia politikoa» praktikatzea eta udal erakundearen zuzendaritzak onartutako ekimen instituzionala trabatzea egotzi die alkate sozialistei.

Urkulluren ustez, Jaurlaritzaren egiazko arazoa haren «gaitasunik eza» da. Gogoratu du lehendakariak iazko inbestidura saioan Udal Legea ezarri zuela legealdiko lehentasun gisa eta ostean Jaurlaritzak 2010eko lehen sei hilekoan aurkezteko hitza eman zuela: «Gobernuak ez du bete esana, ez da Udal Legearen egitasmoa aurkezteko gai izan, eta bere edukiarentzat eta udal aurrekontuentzat kaltegarriak izan diren erabakiak hartu ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.