Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ezker abertzalearekin "askoz exijenteago" izan behar dela eskatu du, "oxigenorik ez emateko, ETAren terrorismoaren bukaera gertu baitago, inoiz baino gertuago; duela urte batzuk ez genukeen sekula pentsatuko hori hain azkar gerta daitekeela". Haren arabera, ezker abertzalearekiko irizpide horrekin ari dira jokatzen Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, PSOE eta PSE-EE.
Hala, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esaten duena esan du Pastorrek ere: "Ezker abertzaleak bonben eta hauteskunde ontzien artean hautatu behar du. Erdibidean ez dago ezer".
Jesus Egiguren PSEko presidenteak esaten dituenak "fede onez egindako gogoeta pertsonalak" direla adierazi du Pastorrek. Hain zuzen, ETAren amaiera gertu dagoela uste du Egigurenek, eta baketze prozesua Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak gidatu behar duela dio.
Ezker abertzaleak otsailean aurkeztu zuen Zutik Euskal Herria adierazpena, eta "prozesu demokratikoa" abian jarri nahi du. "Euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta, beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da".
politika
PSEk ezker abertzalearekin "askoz exijenteago" izateko eskatu du, "ETAren bukaera gertu baitago"
Pastorrek uste du ezker abertzaleari ez zaiola eman behar oxigenorik. Egigurenen adierazpenak "fede onez egindako gogoeta pertsonalak" iruditzen zaizkio PSEko bozeramaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu