politika

PSEk gezurtatu egin du ETArekin hizketan ari dela

"Ez zuzenean ezta zeharka ere", ETArekin edozein harreman gezurtatu du PSEk, PPk eskatutakoari erantzunez. Alderdi sozialista ustez ETArekin hitz egiten ari dela kaleratutako albistea gezurtatzeko eskatu dio PPk; bestela "hiltzeko arriskuan" legokeela PSEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean duten hitzarmena.

2010eko maiatzaren 17a
18:05
Entzun
PSE-EEk ziurtatu du "ez zuzenean, ezta zeharka ere", ez duela ETArekin inolako harremanik. Agiri batean gezurtatu egin du, beraz, El Mundo egunkariak kaleratutako albistea, PSEren eta ETAren arteko ustezko harremanei buruz. ETAren kontra "dudarik gabe" borrokan jarraitzeko asmoa agertu du PSEk, "fronte guztietatik, desagerrarazi arte. Irekia dagoen bide bakarra terrorismoaren kontrako borroka da".

Gezurtatu aurretik PPk mehatxu egin dio PSOEri Eusko Legebiltzarrean duen akordioa haustearekin. PSOE ETA erakundearekin hitz egiten egongo balitz, "hiltzeko arriskuan" legoke PPk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean daukaten akordioa, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak gaur esan duenez. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari eskatu dio "argi eta garbi" gezurta dezala PSOEko kideren bat ETArekin hitz egiten ari dela.

El Mundo Espainiako egunkariak kaleratu du gaur ustez hizketan ari direla ETA eta PSE-EE. Egunkari horrek dioenez, ETAko kideei harrapatutako hainbat dokumentutan Jesus Egiguren PSEko presidentearekin hitz egiteko bidea irekita dagoela azaltzen da.

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak ere PSErekin duten akordioaz hitz egin du, esanez legebiltzarrean gutxiengoan utziko duela Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, egonkortasuna ziurtatzeko hitzartuta dauzkaten puntu nagusietako bat hausteagatik, baldin eta albistea baieztatzen bada. Sozialistek "jakitun" izan behar dute ETArekin hitz egitea "PPrekin duen akordioa espreski haustea dela".

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak erantzun dio PPren akusazioari agiria kaleratu aurretik, esanez, ETAk uste duela "PPk berme eta aukera gehiago" eskaintzen dituela PSOEk baino, negoziatzeko orduan. Hori baieztatzeko ustez ETArena den dokumentu bat erakutsi du Rubalcabak, "partzialki El Mundo-k atera duen bera". ETArekin ez dagoela negoziatzeko "batere aukerarik" berretsi du Barne ministroak. "PSOEk eta beraz, PSEk ez du ETA ikusi ere egin nahi".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.