PSEk iragarri du ez duela udal gobernuan parte hartuko

2015eko uztailaren 3a
13:38
Entzun

EAJk gutxiengoan eta bere bost zinegotzirekin soilik osatuko du Gasteizko Udal Gobernua. Izan ere, PSEk iragarri du ez duela gobernuan parte hartuko. Hala ere, udal gobernuari sostengua emango diola zehaztu du, bi alderdiek erdietsi duten akordioari jarraiki. PSEk lau zinegotzi ditu, eta beraz, bi alderdien arteko baturak ere ez zien gehiengorik ematen —27 zinegotzi dira orotara Gasteizko Udalean—. 

Miren Larrion EHko zinegotziak deitoratu egin du Gorka Urtaranek ez dielako udal gobernua osatzeko aterik ireki udal ordezkaritza daukaten gainerako alderdi politikoei. EH Bilduk Laudion eta EAJ berak Artziniegan horixe bera egin dutela gogorarazi dio Urtarani. "Lehentasunak lehenbailehen" ezartzeko eskatu dio "alderdi politikoen siglen gainetik". Goizean bildu da Larrion Urtaranekin.

Arabako foru gobernua, erabakita

Bestalde, Arabako Diputaziorako EAJrekin sinatu duten akordioaren baitan, PSEk iragarri ditu bere zein diputatuk osatuko duten Arabako foru gobernua: Cristina Gonzalezek Enplegua, Turismoa eta Tokiko Administrazioaren diputatu kargua hartuko du, eta Josu Lopez Ubiernak Azpiegitura eta Mugikortasun kargua. 

EAJren beste sei diputatuk osatuko dute Ramiro Gonzalez buru izango duen gobernua: Pilar Garcia de Salazar ahaldun nagusiaren ordezkoa izango da, Lurralde Antolaketa eta Garapenaren ardura edukitzearekin batera; Xabier Agirre Ekonomia diputatu izatera itzuliko da; Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuetako diputatu izango da; Jose Antonio Galerak beteko du Igurumen diputatu kargua; Eduardo Aginakok Nekazaritzarena; eta Igone M. de Lunak Euskara, Kultura eta Kirolaren diputatu kargua hartuko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.